Egoera eta aukera energetikoak hizpide Elgetan

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mar. 8a, 13:14

Energiaren puntuak hitzaldia eskaini zuen Elgetan, martxoaren 6ean. Elgetako zein Debagoieneko errealitate energetikoa eta etorkizunaren inguruan hitz egin zuten. 

Martxoaren 6ean hitzaldia eskaini zuen Elgetan, Energiaren Puntuakek, Debagoieneko energia komunitateen sustapen bulegoak. Udalak, Debagoiena 2030ek eta Ixotzen energia komunitateak antolatu zuten udaletxeko pleno aretoan egin zen hitzaldia. Aritz Ameztegi, Debagoiena 2030eko energia arduraduna izan zen hizlaria, baina Enaitz Ezpeletak, Ixotzeneko kideak ere hartu zuen hitza. Debagoieneko zein Elgetako egoera eta aukera energetikoen berri eman zuten.

Datu txarrak

Debagoiena 2030ek Teknaliari eskatutako txostena izan zuten oinarri. Bertan agertzen diren datuak ez dira bereziki onak. Elgetari erreparatuta, energia kontsumoaren zati handiena garraioan dago, kontsumoaren %52arekin, jarraian industria (%27), etxebizitzak (%16) eta zerbitzuak (%5) daude. 2019ko datuei erreparatuta, Elgetan, guztira, orduko 36,5 giga watt kontsumitu ziren, horietako 12,5 kontsumo elektrikoa zen. Debagoieneko datuak berriz, bestelakoak dira. Eskualdeko kontsumoaren zati handiena industriak hartzen du, %50a zehazki. Ostean, garraioa (%33), etxebizitzak (%9) eta zerbitzuak (%8) daude.

Isurketei dagokionez, datuak ere ez dira onak. Elgetaren kasuan, biztanleko CO2 isurketak 8,4koak dira eta Debagoienekoak 8,5. EAEn isurketak 8,4koak dira, beraz Debagoiena EAEko bataz bestekotik gora dago. Debagoiena zein elgeta uruti daude Gipuzkoako bataz bestekotik, lurraldeko isurketak 8,1ekoak dira-eta. Energia berriztagarriei begiratuta, Biomasa, geotermia eta eguzki energia fotovoltaikoa erabiltzen dira Elgetan, eta guztira 397698 kilo watt sortzen dira urtean, kontsumo datuetatik urruti dagoen zenbatekoa.

Bada esperantza

Datuak txarrak izan arren, bada egoera iraultzeko esperantza. Teknaliaren txostenak energia berriztagarriek dituzten aukerak ere jasotzen ditu. Bi berriztagarri motetan jartzen du fokua txostenak, biomasan eta energia fotovoltaikoan. Elgetako basoek duten biomasa generazio ahalmena urteko %6,5 giga wattekoa da, egungo kontsumoaren %130a. Energia fotovoltaikoari dagokionez berriz, teilatu guztietan eguzki plakak jarri ezkero, urteko 16,1 giga watt sortu daitezke, elgetarren kontsumoaren %129a.

Hala ere, Ameztegik adierazi zuenez, zaila da puntu hontara heltzea. Eraikinen eta basoen jabetza pribatua kontuan hartuta, pertsona asko ados jarri beharra suposatuko luke hau aurrera eramateak.

Ixotzen

Energia komunitateen garrantziaz ere hitz egin zuten. Debagoienean hiru energia komunitate daude, horietako bat Elgetan, Ixotzen. Gaur egun, 40 bat bazkide ditu Ixotzenek eta beste 60 inguruk interesa erakutsi dute. Ixotzenek esku artean duen proiektu nagusia frontoian jarriko duten eguzki plaka da. Ezpeletak adierazi duenez, proiektua bide onean doa. Udalarekin eta Iberdrolarekin akordioak itxita daude, eta materialen zain daude. Aste santuetan plakaren instalazioa egitea espero dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak