Elgeta Herri Hezitzailea taldea sendotzeko deia

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ots. 26a, 08:33
Elgeta Herri Hezitzailea taldeak eguaztenean egindako batzarra.

Bada urtebete talde sustatzailea martxan dela. Eskolako, udaleko, guraso elkarteko, liburutegiko, ludotekako eta eskola kiroleko ordezkariak hilero elkartzen dira. Egitasmoa zabaltzeko eta indartzeko, herriko gainerako eragileei dei egin diete orain.

Hogei bat lagun elkartu ziren Elgeta Herri Hezitzailea lantaldeak deituta eguaztenean udaletxeko areto nagusian egindako batzar irekian. Hezkuntzako udal arduradun Kepa De Vegak eta Oinherri ekimeneko hezitzaile Arrate Gazteluk egin zuten aurkezpena. "2023an sortu zen Elgeta Herri Hezitzailea lantaldea. Abiapuntua izan zen Udalak Oinherri herri hezitzaileen sarearekin sinatutako hitzarmena. Ordutik, talde sustatzailean gauden sei eragileak hilero elkartu gara. Taldea indartzea eta sendotzea da helburua aurten", azaldu zuen De Vegak.

Herri hezitzaileen sarea filosofia batean oinarritzen dela azaldu zuen, berriz, Oinherriko Arrate Gazteluk: "Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzean datza. Hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailearen eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea".

Elkarlanerako deia

Proposamen zehatza egin zieten batzarrera joandako eragileei Elgeta Herri Hezitzailea taldetik. "Lan dinamika bat sortu nahi dugu administrazio publikoaren eskutik herriko eragileak gai horretan elkarlanean jartzeko", zehaztu zuen Gazteluk. "Ikasturte honetarako taldean ezarri ditugun helburuak dira umeen parte hartzea sustatzen jarraitzea [aurreko udalekuetan egindako dinamikari egin zion erreferentzia De Vegak] eta taldea indartzea eta sendotzea. Eragileak saretu egin nahi ditugu".

Parte hartzeko hiru modu

Kepa De Vegak azaldu zuen talde sustatzaileak jarraituko duela hilean behin elkartzen. "Inork talde horretan sartu nahi badu, eskaera egin dezake; baina hileroko batzar horietan parte hartzeko konpromisoa eskatzen da", esan zuen.

Parte hartzeko beste bi moduak hauek dira: alde batetik, sortuko diren lau taldeetako batean sartzea. "Kirol taldea, heziketa taldea, ingurumen taldea eta herrigintza taldea aurreikusten ditugu. Bizpahiru hilean behin elkartuko dira, saretu, elkar lagundu eta herrian egin daitezkeen ekimenen inguruan berba egiteko". Adibide bat eman zuen: "Mendi Mendia Racing jaian mendi lasterketa bat jokatuko da, eta Intxortako Ahuntzek antolatu dute. Halako dinamikak bultzatzea da helburuetako bat".

Elgeta Herri Hezitzailea egitasmoan parte hartzeko hirugarren modua da sortzeko asmoa duten eragileen foroan izena ematea. "Urtean bizpahiru bilera izango dira, elkarren berri jaso eta ekimenak zertan diren partekatzeko", azaldu zuten.

Proposamena ezagutu ostean, informazio osagarriarekin jasoko duten posta elektronikoari erantzuna emateko eskatu zieten eguazteneko batzarrera joan ziren eragileei eta norbanakoei. "Talde sustatzailea martxoaren 6an eta apirilaren 17an elkartuko da hurrengo. Jakin nahi dugu zenbat garen, gainerako taldeak apiril ingururako martxan jartzeko", esan zuen De Vegak.

Eragileen azoka maiatzean

Elgetako Herri Hezitzailea foroan parte hartuko duten eragileekin herri mailako azoka egitea da lehen egitasmoetako bat. Maiatzaren 31n izango da. "Duen tamainarako, eragile asko ditu Elgetak, eta batzuetan ez dugu elkarren berri. Zenbat eta zeintzuk garen ikustea garrantzitsua da elkarri ekarpenak egiteko", gaineratu zuen Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak