Opor egunetan irakurtzeko mailegatutako liburuak bueltan jasotzeko egunak izan dira honakoak liburutegian. Zenbait astez itxita egon ostean zerbitzuak udako ordutegiarekin zabaldu ditu ateak asteon. Astelehenean itzuliko da ohiko ordutegira. "Uda partean ohiko irakurleek mailegu gehiago egiten dituzte eta liburu bat edo bi beharrean hiruzpalau eramaten dituzte. Badira kopuru hori gainditzen dutenak ere", azaldu du liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak.
Irakurtzeko zerbait erraza emateko eskakizuna nagusitzen dela dio, eta genero irakurrienen artean poliziakoa eta historikoa nabarmendu ditu. "Gazte nahiz helduek gaztelerazko irakurketen aldeko hautua egiten dute. Tartea, gainera, nabarmena da guztiz, arduratzekoa esango nuke. Haurrak salbuespena dira gehiengoak euskarazko edukiak eramaten dituztelako. Haur literatura dezente mailegatzen da. Gazte literatura oso gutxi. Helduen narratibak ere —16 urtetik gora— baditu irakurleak. Irakurleen gehiengoa 35-40 urtetik gorakoa dela esango nuke".
Udako titulu arrakastatsuenen artean Ezpeletak Eva Gartzia Saenz de Urturiren Los ritos del agua, Dolores Redondoren eleberriak, Toti Martinez de Lezearen Tierra de leche y miel eta Fernando Aranbururen Patria nabarmendu ditu.
Ekintza bereziak bueltan
Ezpeletak hilaren 22rako iragarri du hurrengo ipuin kontalari saioa. Gu ere kontalari ekimenak eta aurreko ikasturtean abiarazitako Hitzez Pitz literatura solasaldiek ere jarraipena izango dute.