Amorebietatik Barakaldorako jauzia eman duzu uda honetan. Zer dela eta?
Iaz Amorebieta taldean nire entrenatzailea zena –Aitor Larrazabal– Barakaldok fitxatu zuen. Esan zidan bere konfiantzazko jokalaria nintzela eta berarekin batera Barakaldora joatea eskaini zidan. Izen handiko taldea denez, eskaintza onartzea erabaki nuen. Hala, nik eta beste jokalari batek eman dugu Amorebietatik Barakaldorako jauzia.
Eta, zer moduz hartu zaituzte talde berrian? Giro ona dago?
Bai; oraingoz, oso gustura nago. Giro bikaina daukagu taldean.
Entrenatzailearen konfiantza izanda, jokatzeko aukera izango duzu.
Bai; oraingoz, hiru partidu jokatu ditugu eta minutu guztiak jokatu ditut. Alde horretatik, pozik nago. Izan ere, talde garrantzitsua izanik, beldur horrekin etorri nintzen.
Bigarren B Mailak exijentzia handia eskatzen du?
Bai. Nire bigarren urtea da Bigarren B Mailan eta garbi dago exijentzia handia eskatzen duela. Talde gogorrak daude kategoria honetan, fisikoki ondo egotera behartuta zaude.
Hirugarren Mailan ere jokatu izan duzu. Nabaritzen da diferentzia?
Bai. Asko nabaritzen da jauzi hori. Jokalariek kalitate handiagoa dute, fisikoki hobeto daude eta taldeak taktikoki hobeto prestatuta daude, entrenamendu ordu gehiagorekin. Azken finean, profesionalizatuago daude.
24 urte dituzu eta zortzigarren taldea da Barakaldo. Aldaketa asko urtetik urtera.
Bai. Eibartik irten nintzenetik, oraindik ez ditut bi urte segidan egin talde berean. Eskaintzak izan ditut eta taldez aldatzea erabaki izan dut orain arte, jende berria ezagutzeko eta esperientzia berriak bizi ahal izateko. Oraingoz, behintzat, gustura aritu izan naiz batetik bestera, ez dut urte txarrik izan.
Lesioek errespetatu zaituzte?
Horretan ere zortea izan dut. Bihurrituren bat edo beste izan dut, baina gauza handirik ez.
Defentsako jokalaria izanik, ze aurrelari mota da gauzak zailen jartzen dizkizuna?
Aurrelari handiak eta bizkarrez ondo jokatzen dutenak dira gutxien gustatzen zaizkidanak. Nahiago dut aurrelari bizkor bat defendatu, alor horretan hobeto moldatzen naiz.
Txukun hasi duzue denboraldia. Garaipen bat eta bi berdinketa.
Hala da. Ondo hasi gara eta, gainera, ez dugu golik jaso hiru partiduetan. Oraindik denboraldia luzea da eta gogor egin beharko dugu lan, baina itxura ona dauka, oraingoz.
Hiru partidutan aurkako golik ez. Zure lana ondo betetzen duzun seinale da hori.
Meritua talde osoarena da, ez nirea bakarrik. Jokalari batek defendatzeari uzten badio, taldeak asko nabaritzen du.
Ze helburu du Barakaldok denboraldi honetan?
Esan dizudan moduan, izen handia dauka Barakaldok eta beti da goiko postuetan egoteko talde bat. Denboraldia hobeto edo okerrago joan daiteke, baina, hasiera batean, behintzat, igoerako play-off postuen lehian egon beharko genuke. Hala ere, gero, igoera lortzea oso zaila dela badakigu.
Zure burua ikusten duzu Bigarren Mailan edo Lehen Mailan?
Dagoeneko 24 urte ditut, eta, oraindik ez badut jauzi hori eman, aurrerantzean ez dut uste emango dudanik. Gerta daiteke, baina oso zail ikusten dut. Hala ere, ez diot garrantzi handirik ematen. Ni maila honetan oso gustura nago, disfrutatzen, eta horrekin geratzen naiz.