115 ikasle ditu aurten Elgetako Herri Eskolak

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ira. 7a, 10:33
Hiru urteko gelako neska-mutiko taldea, gaur goizean, eskolan.

Ehun eskola umek eman diote gaur hasiera 2017-2018 ikasturteari, eta astelehenean hasiko dira goizeko eta arratsaldeko ordutegiarekin. Egun berean ekingo diote egokitzapen aldiari bi urteko gelan sartzen diren 15 neska-mutikoek.

Amaitu dira opor luzeak eta gaur izan da ikasgeletarako itzulera Elgetan ere. 09:00etan jo du txirrinak eta nabari zen urduritasuna. Irakasleek geletara igotzeko agindua emandakoan hasi dira ikasleak eskaileran gora nor bere ikasgelara.

Itxura berriarekin egin die harrera ikastetxeak. Udalak uztailean margotu zituen korridoreak. Desagertuta daude horma horietan urteetan pilatutako margolanak, kartelak eta fitxak eta berriz margotuta daude: beheko aldea urdinez eta goikoa zuriz.  

Eskolako zuzendaritzatik emandako datuen arabera 115 ikasle izango ditu, aurten, Elgetako Herri Eskolak. Haur Hezkuntzan 53 neska-mutiko izango dira lau gelatan banatuta, eta Lehen Hezkuntzan 62 ikasle beste lau taldetan banatuta. Bigarren eta hirugarren mailetako ikasleak talde bakarrean elkartuta daude baita ere bosgarren eta seigarren mailetako neska-mutikoak. Irakasle taldeari dagokionean iaz baino irakasle bat eta heren bat gutxiago ditu eskolak. Murrizketen eragina dela adierazi dute zuzendaritzatik.

Egokitzapena

Astelehenean hasiko dira eskolan bi urteko gelak aurten hartuko dituen 15 neska-mutikoak. Betiko moduan egokitzapen aldia izango dute urrira bitartean. Aurten, ordea, zenbait aldaketa emango dira. "Gurasoek egindako eskaera batzuk kontuan hartu dira eta irailaren 26tik aurrera bi urteko gelako umeek jantokia erabiltzeko aukera izango dute, beti ere 13:15erako jaso behar direlarik". Egokitzapen erdialdera ere umeak 09:30ean eskolaratzeko aukera izango dute familiek.

Ikasturteko erronkak

Irakurketa plana garatzea, jazarpen egoerei aurre egiteko prestatzea eta baratzea bultzatzea nabarmendu dituzte zuzendaritzatik ikasturteko erronka berezi moduan. Irteerak ere iragarri dituzte. Laster egingo dute lehenengoa Egoarbitzara. Eguraldiaren arabera aukeratuko dute eguna.

Zaintza goizez eta arratsaldez

Guraso elkartearen ekimenez bultzatutako goizeko zaintza zerbitzuak astelehenean zabalduko ditu ateak, 07:30etik 09:00etara. Eskolako beheko solairuan dagoen gela batean emango dute. Egun berean izango da martxan arratsaldeko zaintza-ludoteka udal zerbitzua. Lehenengo astean, gainera, ate irekiak egingo dituzte. Urteko bonuak ere atera ditu Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak