Jone Muxika elgetarra emakume azkarrena Zumaiako Triatloi Herrikoian

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ira. 6a, 08:13

Jone Muxika txapela buruan Zumaiako sari banaketa saioan.

Zapatuan jokatu ziren Zumaiako XI. Sprint Triatloia zein Zumaiako VI. Triatloi Herrikoia. Azken horretan lehiatu da elgetarra eta lehen postua eskuratu du 00:39:06 denborarekin.

39.06 eginda, lehen emakumezkoa izan zen Joxe Muxika elgetarra Zumaiako Triatloi Herrikoian –350 metro igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika–.

Bere lehen esperientzia izan da triatloian, eta pozik dago, batez ere, lasterketan izan zituen sentsazioengatik. "Beti izan dut gogoa probatzeko, eta, distantzia motza izanik, animatzea pentsatu nuen. Pozik nago ez irabazi nuelako, gorputzak ondo erantzun didalako baizik", azaldu du Muxikak. Josu Gisasola lagunak animatu zuen parte hartzera. "Berarengatik izan ez balitz, ez nuen parte hartuko", dio.

Atzetik aurrera

74 emakumek hartu zuten parte lasterketan eta lehenengo zatian –igerian– nahiko atzean zebilen Muxika. Hala ere, bizikletan asko aurreratzea lortu zuen –"hori izan zen gakoa"–, eta ondoren, korrikako tartean lasterketa errematatzea lortu zuen. "Igerian lasai egin nuen, trankil hartu nuen. 40. postuan irten nintzen igeri egitetik, baina bizikletan, nuen guztia eman nuen eta ia aurreraino joan nintzen, bigarren posturaino. Ondoren, korrika eman nuen mailarekin ni neu ere harrituta gelditu nintzen, eta irabaztea lortu nuen".

Esperientzia, "oso polita"

Muxikak adierazi du esperientzia "oso polita" izan zela. "Oso giro ona zegoen, parte-hartze handia, antolakuntza aldetik ere guztia oso ondo eta bide bazterrean jende ugari animoak ematen eta lasterketa ikusten". Hala ere, oraingoz, lasai hartu nahi du kontua eta ez daki aurrerantzean distantzia luzeagoko triatloietan parte hartuko ote duen.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak