Elgetako baserritarren eta artisauen azoka irailaren 23an izango da

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ira. 1a, 08:00

Iazko baserritarren azokako bi postu.

Etxean ekoiztutako produktuak saltzeko postua ipintzera deitu ditu Udalak herriko ekoizleak. Interesatuek udaletxean eman behar dute izena. Intxorta igoera ere egun horretan jokatuko da.

Hamalau postu izan zituen iaz baserritarren azokak. Frutarekin, barazkien eta jakiekin hamar postu egon ziren eta artisau lanekin hiru. Seigarren mailako ikasleen postua izan zen hamalaugarrena.

Aurten ere antzerako kopuruetan ibiltzea aurreikusten dute udaletxean. "Iazko parte-hartzaileei gutun bana bidali zitzaien uztailean eta hasi dira izena ematen", adierazi dute antolaketa taldetik. Jakinarazi dute interesatuek zabalik dutela izen-ematea. Azoka amaierako bazkaria, aurten, El Rincon de Lola tabernan izango da.

Intxortako igoera ere jokoan

Baserritarren azokarekin batera izango da, aurten ere, Intxortako igoera. Eguneko kirol hitzordua izaten da. Ikusmin handia sortzen du herrian eta parte-hartzaile kopurua handituz doa urtetik urtera. Azoka 10:30ean hasiko da. Lasterketa, berriz, 11:00etan jokatuko da.

Egunean bertan 10:20an zabalduko dute izenematea plazan. Hiru kategoria izango dira: 16 urtetik gorakoena, 12 eta 16 urte artekoena eta 12 urtera artekoena. Gazteenen kasuan igoera Salbadorrera izango da.

Iaz hamabi lagunek hartu zuten parte nagusien lasterketan eta beste dozena batek 12 urtetik azpikoetan. Neska-mutikoetan Unai Eguren izan zen azkarrena eta nagusietan Iñaki Egizabal. Egizabalek 18'31'' egin zuen. Marka berria ezartzeko, dena den, Eleder Lozanoren denbora da hobetu beharrekoa. Marka hori 16'14'' da eta 2015ekoa da.
Udalak emakumezkoen parte hartzea bultzatu gura du eta lasterketa mistoa deituko du berriz. Iaz Marta Barrachina izan zen emakume azkarrena. Bere denbora 47'59''.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak