Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak 13.003,97 euroko diru-laguntza onartu du Elgetako Udalak kiroldegiko aldagelak berritu ditzan. "Hainbat proiektu aurkeztu ditugu, baina bakarra onartu digute", adierazi du kiroletako zinegotzi Mikel Elkorok. "Kiroldegian bi aldagela daude eta zaharkituta daude. Horiek berritu baino hobetu egingo ditugu".
2017a amaitu aurretik egin beharreko lanak dira, eta aurrekontuak aztertuko ditu orain Udalak. Beste sei proiektu aurkeztu ditu Udalak diru-laguntza deialdira, baina ez dira finantzaziorako onartuak izan. Proiektuak dira: kiroldegiko ebakuazio ateen aldaketa, leihoen konponketa, squash pistako lurra eta argiak berritzea, gimnasioko lurra berritzea eta hormak margotzea, adinduek jarduera fisikoa egiteko gunea egitea, eta ur jolasak egitea.
"Markinan edo Antzuolan dauden moduko ur jolasak egiteak zein aurrekontu duen aztertu dugu, eta oinarrizkoenak 70.000 euroko inbertsioa suposatzen du", adierazi du Elkorok. "Garestia da Elgetako Udalak gaur egun duen egoera ekonomikorako".
Rokodromoa
Kiroletako zinegotziak azaldu du beste diru eskaera bat ere egin dutela. Kasu honetan ebazpenaren zain daude. "Kiroldegiaren kanpoko aldean dagoen rokodromoa berritzeko eta handitzeko 1.700 euroko laguntza eskatu dugu.
Ezin dugu eskaera oso garestia egin; izan ere, aurrekontuaren zati bat ematen dizute eta ipini behar dugunera iritsi egin behar dugu. Asmoa da helduleku berriak erostea eta muntaketa lana auzolanean egitea".
Rokodromoak horma bat hartzen du gaur egun. Helduleku gehiago ipini nahi dituzte eta rokodromoa beste horma batera zabaltzea. "Itxura ona dauka parean dagoen hormak —gainean errepidea dago–. Zabala da eta garaiera ona du", esan du Elkorok.