Abuztuaren 16 ospatzen dute Elgetan San Roke Eguna. Goiko kaleko auzotarrek prestatzen dute festa eguna eta bereziki Fernando Ojangurenek.
Gertu dute dagoeneko aurtengoa. Urtero moduan abuztuaren 16ko 00:00etan su artifizialak botako dituzte eta jarraian aurreko urteko argazkien emanaldia egingo dute eskola aurreko harmailetan.
San Roke Eguneko meza izango da egun argituta egingo duten lehenengo ekitaldia. Meza hori izen bereko ermitan esango dute. Ostean, salda egongo da mezetan izandakoendako. Festak San Roke kalean jarraituko du pintxoak eta edariak banatuko baitituzte auzotarrek.
Bazkaltzeko ordua gerturatzen dagoela triki-poteoa egingo dute 13:00etan Angiozarko Arkaitz eta Miren trikitilariekin. Bazkaria 14:30ean izango da San Roke kaleko goiko aldean. Txartelak salgai dira Ugari dendan, Goikoetxe harategian, Maialde landetxean eta Haizea tabernan. Prezioa da 15 euro. Dantzaldia ere egingo dute ostean. Hori ere Angiozarko Arkaitz eta Miren trikitilarien eskutik.
Imanol Albisuren erakustaldia
Berezitasuna, aurten, Imanol Albisuren eskutik etorriko da. Harri-jasotze lanetan hasita dago berriz Elgetako harakina eta erakustaldia egingo du San Roke Egunean, 18:00etan. Elgoibartarrak saio polita egin zuen orain urte batzuk herriko jaietan. Berriz ere sasoi betean ikusteko aukera izango dute elgetarrek.