Berbaz berba Elgeta euskaldunago baterantz

Maite Txintxurreta 2017ko uzt. 17a, 09:00

Elgetako mintzalagunak Atxorrotxera egindako irteeran.

Elgetan berbetan mintzalagun taldearen azken sei hilabeteko txostena egin dute, eta taldearen dinamikaz balorazio "positiboa" egin dute. Ohiko saioak egiteaz gain, hainbat ekimen eta irteera burutu dituzte aurten, eta egitasmo berriak ere sortu dira.

Elgetan berbetan mintzapraktika egitasmoa osasuntsu eta aktibo dagoela erakusten du 2017ko lehen urte erdia laburtzen duen txostenak: "Ikasturtean zehar 20 pertsona baino gehiago (eta bi urteetan zehar 30 pasa) gerturatu izana, herrian egitasmoa martxan egotearen ekarmen positiboaren erakusle deritzogu". Aurrera begira parte hartzaile kopurua handitzea dute erronka, besteak beste, eta baita ekimen edo dinamika berriak antolatzen jarraitzea ere.

Lau dira Elgetan Berbetanen jardun duten taldeak: Gurasolagun, txandakako taldea, astelehen iluntzetakoa eta hasiberriena. Maiztasun desberdinekin, baina guztiak ere aktibo egon dira hilabeteotan, eta haien helburuak lortu dituztela jaso dute txostenean, eta zoriondu egin dituzte horregatik.

Hainbat eta hainbat ekimen eta irteera burutu dituzte elgetako mintzalagunek, gehienak Debagoieneko gainontzeko taldeekin batera: Laboratorium museora, Aramaiora, Atxorrotzera mendi irteera, Urdaibaira...

Horrez gain, Elgetako mintzalagunen taldea goi-goian aritu da aurten Topaguneak antolatzen duen Euskararen Ginkanan. Finalera iritsi zen bertan parte hartu zuen seikotea, eta final hori irabazterik lortu ez zuten arren, esperientzia polita bizi izan zuten. Gainera, horretan jardun duten bitartean herrian presentzia nabarmena izan dute.

'Hitzez Pitz' egitasmoa

Aurtengo apirilean egitasmo berri bat jarri zuten martxan, Elgetako Liburutegikoen ekimenez eta bertako Geaxi Ezpeleta liburuzainak bideratuta: Hitzez Pitz. Irakurketa klub bat da, eta ipuin laburrekin jarduten dute nagusiki. "Hilabete lehenago hasten gara, eta hiru astean zehar astero testu bana proposatzen dugu, eta baita irakurgai edo material osagarria ere. Watsapp talde baten bidez dinamizatzen dugu guztia. Azken astea komodina izaten da, irakurtzeko astirik izan ez dutenendako, eta horren ostean irakurritakoaz berba egiteko elkartzen gara", azaldu du Geaxi Ezpeleta liburuzainak.

Udalaren ikuspuntua

Datorren ikasturtean Elgetan Berbetan egitasmoa bultzatzen jarraituko du Udalak. "Udalak legegintzaldia hasteaz bat erabaki zuen Elgetan Berbetan mintzapraktika saioak martxan jartzea, euskararen ezagutza zein erabilera areagotzeko bidean urratsak eman nahi dituzten herritarren eta bide horretan bidelagun izateko prest daudenen artean harremanak sortu, euskara hauspotu eta euskararen normalizazioa bultzatzen duen ekintza alaia delako. Egitasmoak duen dinamika eta erantzuna kontuan hartuta, bultzatzen jarraitzeko apustua egiten dugu", azaldu du Janire Lazkanok.

Euskara batzordeak hasieratik egitasmoa positiboki baloratu duela dio: "Geroz eta talde gehiago dira egitasmora batu direnak, gauzatzen dituzten ekintza bereziek harrera ezin hobea dute, kanpo egitasmoetara ere animatu dira zenbait... Udalean eta udalerrian euskaraz bizi nahi dugunez, halako proiektuak aurrera ateratzeko baliabideak sortu eta egonkortu ditugu, eta aurrera begira ere ezinbestekotzat jotzen dugu hala izatea".

Teknikari lanposturako deialdia

Orain artean Kepa de Vegak bete duen teknikari lanpostuaren deialdia egin dute datorren ikasturterako. 2017an hiru hilabeteko kontratua eskaintzen dute, astean hiru ordukoa, 2018an sei hilabetez luzatzeko aukerarekin. lanpoltsa@topagunea.eus helbidera bidal daiteke curriculuma, hilaren 20ra arte.

Geaxi Ezpeleta, liburuzaina: "Orain artekoak saio atseginak izan dira oso"

- Nola sortu zen egitasmoa?
Liburutegian euskarazko irakurketa ohitura bultzatzeko asmoz sortu genuen. Forma ematen hastean, pentsatu nuen polita litzatekeela lehenengo saiakera berbalagun taldekoekin egitea.

- Ipuin laburrak dira.
Bai. Irakurketa maila taldean parte hartzen dutenei egokitze aldera, batetik, eta bestetik bakoitzaren denbora kontuan hartuta. Hortaz, testu laburrak eta irakurterrazak dira.

- Zer moduz orain artekoak?
Oso ondo. 10 lagunek erakutsi zuten interesa, eta 6-7k hartzen dute parte aktiboki .Orain arteko saioak atseginak izan dira, eta balorazio oso positiboa egiten dugu.

- Jarraipena izango du?
Printzipioz bai. Oraingoek segitzeko asmoa dute, eta liburutegitik ere asmoa hori da. Datorren ikasturtean eskaintza herritar guztiei zabaltzea nahi dugu, eta egutegi bat osatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak