Bertan izango den emakume nagusiena Arantza Aranzeta izango da; 95 urte ditu. Gizonezko helduena, aldiz, Juan Antonio Montiel izango da, 91 urteko gizona, hain zuzen ere. 80 urte gorakoentzako bazkaria bi urtetik behin ospatzen da Elgetan: "Herri gehienetan, estilo honetako ekintzak eramaten dira aurrera eta Elgetan hauxe da egiten duguna", esan du Uberak.
Urte askotxo darama Uberak bazkari honen antolakuntza lanetan, hamar bat urte inguru, hain zuzen ere. "Duela ez askora arte, hiru urtetik behin egiten genuen bazkaria; orain, ordea bi urtetik behin antolatzen dugu", azpimarratu du antolatzaileak.
Aurtengo bazkaria
Gaur 13:00etan bilduko dira bazkarira joango direnak mezara joateko; eta ondoren, ordu bietan, zehazki, Ozkarbi elkartean egingo dute bazkaria.
Aurtengo menua beste urte batzuetan eskainitakoaren antzerakoa izango dela adierazi du Pedro Mari Uberak: "Aurten eskainiko dugun menuak hasierako platera, bigarrena eta postrea izango ditu. Lehenengo, urdaiazpikoak eta zainzuriak eskainiko dira. Jarraian, arrain zopa, eta, horren ostean, legatz frijitua. Azkenik, eta, postre bezala, tarta zerbitzatuko dugu. Eta, nola ez, ondoren, kafea zein kopatxo bat hartzeko aukera ere izango da".
Antolakuntza lanak
Uberaren esanetan, beraiek dira bazkaria antolatzeaz arduratzen diren bakarrak: "Lan guztia guk egiten dugu. Gainera, funtsezkoa da kantitateak zeintzuk diren jakitea, eta hori ere kontrolpean izaten dugu hasieratik. Izan ere, guk gertatzen dugu bazkarian zerbitzatuko den janari guztia". Hala ere, gaur joango diren gonbidatuentzako bazkaria doakoa izango dela adierazi du erretiratuen elkarteko presidenteak.