"Jakitun ginen aurki izango genuela aparejadorearen bigarren auzia zela eta ordaindu beharreko kopuruaren totala. Epaitegiek Udala hilean 1.600 euro ordaintzera kondenatu zuten ezintasun absolutuagatik, eta ondoren 1.200 euro 'baliaezintasun handia' delakoagatik. Kontua da ez dugula hilero ordaintzen, kapital oso bat kalkulatzen du Gizarte Segurantzak eta hori da gure zorra", azaldu dute udal arduradunek.
Gogoratu dute lehenengo epaiagatik 439.342,45 euro ordaintzen ari dela Elgetako Udala. "Agintaldi honetan hasi gara ordaintzen, eta 87.868,49 euroko bi kuota ordaindu ditugu jada, aurki ordainduko dugu 2017ri dagokiona. Oraingo epaiarekin, kopuru horri 277.008,01 euro gehitu behar zaizkio, bost urtean ordaintzea lortuz gero 55.401,6 euro urtean".
Udal arduradunek jakinarazi dute aparejadore ohiarekin izandako auziak, guztira, 716.350,46 euroko kostua izan duela elgetarrendako, zerbitzu juridikoen kostuak kontuan izan gabe. "Beste kalte ordain batzuei batuz gero, 221.270,09 euro dira Elgetako Udalak urtean ordaindu beharrekoak, udal aurrekontu osoaren %15 inguru, inbertsioetarako dugun diru kopurua baino hiru aldiz gehiago...".