"Giro berezia sumatu dugu jaietan. Giro sanoa. Eguraldiak ez du askorik lagundu, baina egia da frontoiak asko libratzen duela", esan du Iraitz Lazkano alkateak.
Berrikuntza bat baino gehiago izan da. "Gaueko jolasetan jende askok hartu du parte. Oso gustura gelditu gara. Hurrengorako, hobeto koordinatuko dugu; izan ere, plazan zegoen erromeria hustu egin zen, baina ekintza polita izan zen".
Kuadrillen arteko jokoek emandakoarekin ere oso gustura da Lazkano. "Zazpi taldetan banatuta 45 bat lagunek hartu zuten parte, eta ikusleak ere asko izan ziren. Hemen ere giro oso sanoa sumatu dugu".
Karaoke lehiaketak ere helburua bete duela dio alkateak: "Begira egon baino gehiago, parte hartu dute umeek, protagonista izan dira eta plaza ondo bete zen. Egia da kantu batzuk asko errepikatu zirela, eta hurrengoan, akaso, kategoria desberdinak ipiniko ditugu".
Azoka ere ondo
Ferixa Nagusiak ematen die izena Elgetako jaiei. Domekan, postu asko izan ziren herrian eta alkateak adierazi du denetarik jaso badute ere saltzaileak, orokorrean, gustura azaldu direla egindako salmentekin. "Konturatu gara jendea gero eta beranduago gerturatzen dela azokara. Hasiera batean jende gutxi ibili zen, baina eguerdi aldera kaleak eta postuak betetzen joan diren".
Boluntario taldeak egindako lanarekin ere gustura azaldu da alkateak. "25 bat lagun ibili gara sortzen diren hainbat konturekin eta eskertzekoa da boluntarioek egindako lana. Gazte batzuk ere lagundu dute zirkulazioa bideratzen domekan eta oso lagungarria izan da",