Adinaren arabera bost taldetan banatuta 63 erabiltzaile izango ditu, aurten, udaleku zerbitzuak. Ezinbesteko zerbitzua bilakatu da; izan ere, umeek eskolako oporrak hartu ostean irtenbide egokienetako bat da lanean dauden gurasoendako.
Aurten ere bost laguneko hezitzaile talde batek gidatuko ditu ekintzak. Hezitzaileak dira Kepa de Vega, Nerea Erdabide, Nerea Villa, Adrian Gorostiza, eta Etor Garate.
Hezitzaileek aurreko astean egin zuten batzarra gurasoekin, eta bertan lau asteko egitarauaren berri eman zuten. Lehenengo astea Ferixa Nagusiko jaiak prestatzen eman dute.
Askotariko ekintzak
Eskulanak, mendi irteerak, sormenarekin lotutako ekintzak... askotariko gaitasunak landuko dituzte udalekuetan. Eguraldia lagun ur jokoak eta ur putzuak ere izango dituzte. Ur putzuak, esaterako, uztailaren 5erako eta 6rako daude iragarrita. Elgetatik kanporako irteera, berriz, Antzuolako ur-jolas parkera egingo dute, uztailaren 14an.