Erabakita dago 2016ko udal soberakina zertara bideratu

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko eka. 29a, 09:14

Martitzenean aho batez hartu zuen erabakia udalbatzak. Euskara ikasteko diru-laguntzen ordenantza ere onartu zuten.

Martitzenean egin zuen Elgetako udalbatzak ekaineko osoko bilkura. Hartutako erabakien artean nabarmentzen da 42.813 euroko kreditu gehikuntza; izan ere, Udalak 68.998 euroko soberakinarekin itxi zuen 2016a. Banatzeko gelditzen zen diru kopurua zertara bideratu onartu zuten udal agintariek.

Iraitz Lazkano alkateak azaldu zuen 10.000 euro hilerriko horma konpontzeko izango direla; 6.000 euro kultura-turismo teknikariaren soldatarako; 1.920 euro kultura-turismo teknikariaren gizarte-segurantzarako; 6.000 euro Espaloiko argindarrerako; 4.000 euro Espaloiko mantenurako; 6.300 euro baserritarren batzordeko inbertsioetarako; 2.303 euro irisgarritasun lanetarako; 1.690 konpost-gailu berriak erosteko; 1.300 euro Hirix plataformarako; 1.300 euro esku-orriak ateratzeko; 1.000 euro eguneko zentroko mantenu lanetarako; eta 1.000 euro auzolan deialdiak egiteko. "Kontabilitatetik aholkatu digute egon daitezkeen ustekabeetarako uzteko 10.000 euro, eta horrela egingo dugu", gaineratu zuen. Hala, kreditu gehikuntza honekin banatuta gelditzen da iazko soberakina; izan ere, maiatzeko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak gainerako 16.184 euroak zertara bideratu.

Oposizioari deigarri egin zitzaion kopuruaren erdia inguru mantenu lanetara bideratuko dela eta Mikel Larrea bozeramaileak galdetu zuen ea gastu puntualak diren edo gaizki egindako aurreikuspena. "Ez da asko banatzeko dagoena baina deigarria da erdia gutxi gorabehera inbertsioetara bideratzen dela eta beste erdia mantenu lanetara. Mantenurako partida horiek dira gauza puntualak sortu direlako edo dira hurrengo urteetan egonkortuko diren gastu batzuk? Aurreikuspena txarra izan da? Alkateak erantzun zuen aurreikuspena, bere ustez, egoki egin zela. Esan zuen gastu batzuk, Espaloia kasu, aurreikusi gabekoak direla eta beste batzuk diru soberakina dagoelako egingo direla. "Hemen dauden gehienak espero dugu ez edukitzea urtero egin beharra", amaitu zuen.

Oposizioak galdetu zuen baita ere aparejadorearen auziaren inguruan eta Espaloia kafe antzokiaren ustiaketa kontratuaren etete prozesuaren inguruan. "Azken epaia irmoa da eta Elgeta Udalak hileko beste 1.200 euro ordaintzera kondenatu dute". Alkateak adierazi zuen pertsona horren bizi itxaropena zenbatekoa den adieraztea falta dela orain eta horren arabera kalkulatuko dute epaitegikoek Elgetako Udalak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko diru kopurua. Udalak ordainketa hori bost urteko epean egiteko eskaera luzatuko du. "Ez dakigu oraindik noiz hasi beharko dugun ordaintzen ez eta zenbat izango den".

Espaloia kafe antzokiaren azken ustiatzailearekin dagoen auziaz udal arduradunek adierazi zuten Ulaziari ekainaren 19ra arteko epea eman zitzaiola idatzizko alegazio formal ba aurkezteko. "Posta elektronikoaren bitartez agertu zuen bere desadostasuna, baina aurreko plenoan adierazitakoaz aparte ez zuen ezer gehiago zehazten. Idatzizko alegazio bat jaso nahi dugu udaletxean horren inguruko konstantzia edukitzeko. Esan zitzaion epea pixka bat luzatuko zitzaiola, eta alegazio formal bat egiteko eta horretan gaude".

Euskararako diru-laguntzak

Ordenantza berria ere onartu zuen udalbatzak: Elgetatik kanpora ikasteko diru-laguntzak emateko irizpideak jasotzen dituen ordenantza, hain zuzen ere. "Gehienbat diru-laguntza jasotzeko bete beharreko baldintzak arautzen ditu. Formalizatu egin dugu", esan zuen euskara zinegotzi Janire Lazkanok. Hutsune handia zegoela adierazi zuen, eta horren ondorioz iazko ebazpenean zenbait arazo sortu zirela. "Ezinbestekoa izango da Elgetan erroldatuta egotea eta euskara ikastaro bat bukatu izana gutxienez %80ko asistentzia mailarekin", esan zuen. Udalak 600 eurotik 900 eurora igo du diru-laguntza eta onartutako eskaera guztiak hartuko dituzte kontuan ikasle bakoitzak egindako gastuarekin batera.  Banaketa proportzionala egingo dute. Diru-laguntza, beti ere, ez da egindako gastuaren %80tik gorakoa izango.

Bestelako diru-lerroak

Alkate erabakietan, bestalde, hainbat erabakiren berri eman zuen Iraitz Lazkano alkateak. Horien artean nabarmentzen dira zenbait diru-lerro: Udalak Goienarekin duen hitzarmena berritzeko 8.977 euro, eskolako sabaia eta horma konpontzeko 5.165 euro, Torrealdea auzoan bide-zidor bat konpontzeko 665 euro, Maala Guraso elkarteak San Juan bezperan DJ Bull kontratatzeko 424 euro, eta Beheko Kaleko jaietako jai batzordeari 240 euro.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak