Eneritz Larrea: "Jaietako umore ona eta festa giroa irudikatu nahi izan ditut kartel koloretsu bat eginez"

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko eka. 27a, 10:17
Eneritz Larrea.

Kartel lehiaketa egin du, aurten, Elgetako Udalak. Bi lan aurkeztu dira eta Eneritz Larreak egindakoak jaso ditu herritarren boto gehien. Jaien hasiera ekitaldian, eguenean, jasoko du saria Mendizaleen Plazan.

Kartel lehiaketa egin du aurten Udalak eta zurea aukeratu dute botoa eman duten herritarrek. Zer iruditu zaizu berrikuntza hau?
Oso ideia ona iruditu zitzaidan lehiaketa antolatzea eta herritarrei botoa emateko aukera ematea.

Nola egin duzu kartela eta zer irudikatzen du?
Ordenagailuz egin nuen kartela orain dela urte batzuk feria nagusian atera nuen argazki bat eredu bezala erabiliz. Kartelean behi bat ageri da kolore pila baten artean, jaietako umore ona, festa... irudikatu nahi izan ditut kartel koloretsu bat eginez.

Aurretik ere parte hartu izan duzu antzerako deialdietan? Gustatzen zaizu diseinua?
Beste urte batzuetan argazki lehiaketa egin izan ohi da jaietan ateratako argazkiekin, eta orain hiru bat urte parte hartu nuen. Zortea izan nuen eta epaimahaiak nire argazkia aukeratu zuen. Diseinu ikasketak amaitu berri ditut eta asko gustatzen zait.

Bi kartel aurkeztu dira lehiaketara. Animatuko zenuke jendea horrelakoetan parte hartzera?
Tristea izan da soilik bi pertsonak parte hartu izana. Hurrengo urtean Udalak lehiaketa berriz antolatuz gero parte hartzera animatuko nituzke herritarrak. Zenbat eta kartel gehiago herritarrek aukera zabalagoa izango dute botoa emateko.

Ikusiko zaitugu Elgetako jaietan? Zer ekintza gustatzen zaizkizu gehien?
Ez ditut herriko jaiak sekula galdu eta aurten ere bertan ibiliko naiz. Orokorrean jaietan herrian egoten den giroa gustatzen zait, eta egun bat aukeratzekotan osteguna aukeratuko nuke, kuadrilla desberdinak mozorrotuta ikustea polita izaten da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak