Udalbatzak aho batez hartu du kafe antzokia kudeatzeko Xabier Ulaziarekin abenduan sinatutako kontratua bertan behera uzteko erabakia.
Azpiegitura garbi eta egoera onean dagoela ziurtatu ostean udal ordezkariek onartu dute Ulaziak hasiera batean ipinitako 12.000 euroko bermetik 600 euro exekutatzea. Interesatuak, orain, hamar eguneko epea du erabaki horren aurkako arrazoibideak aurkezteko.
Bertan zen Ulazia eta adierazi zuen ez zitzaiola batere ondo iruditzen aretoan egin dituen inbertsioak egin eta gero Udalak 600 euro eskatzea. Hamar eguneko epeari erreferentzia eginez kultura zinegotzi Janire Lazkanok gaia aztertzeko berriz elkartzeko proposamena egin zion.
Hirix plataforma digitala
Atzokoan hartutako beste erabakietako batek sare sozial itxura edukiko duen eta laster erabilgarri izango den Hirix plataformarekin du zerikusia. Udalbatzak aho batez onartu du A3R Consulting enpresarekin kontratua sinatzea. Iraitz Lazkano alkateak azaldu zuen Hirix plataformak bideratuko dituela bai herritarren parte-hartzea bai Udalarekin lotutako informazioaren zabalkundea. "Erabiltzaileek bertan erregistra beharko dira. Aukera edukiko dute batetik udal webgunean dagoen informazio guzti horretara sartzeko —dendak, komertzioak, helbideak, bisitarako lekuak, jaiak, agenda…) eta horrez gain aukera izango dute aparteko gorabeheren berri emateko, udaletxera kexak helarazteko...". Kontratuak bi urteko iraupena izango da, eta prezioa da 48 euro hileko.
Bestelako erabakiak
Atzo egindako osoko bilkuran bestelako erabakiak ere hartu zituen udalbatzak, guztiak aho batez. Eulen Taldeari esleituko dizkio Udalak Elgetako zentro balioanitzarekin lotutako zerbitzuak, tartean eguneko zentroa.
Horrekin batera udalbatzak argi berdea eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kabia egitasmoak eskatzen duen moduan Mizpirualde Fundazioaren Estatutu aldaketari. Oso bestelako neurria da baina argi berdea jaso du baita ere Gipuzkoako Foru Aldundiko erroldan jasotako datuen kontsultarako hitzarmena sinatzeak.
Alkate erabakiak
Alkate erabakietan, bestalde, 2016ko gerakinetik finantzatutako hainbat kreditu aldaketaren berri eman zuen Iraitz Lazkanok. Elgetako Udalak 7.700 euro gehituko dizkio baserritarren batzordetik lanak egiteko 2017ko udal aurrekontuan aurreikusita dagoen diru-lerroari; 3.920 euro irisgarritasun lanak egiteko lerroari; eta 4.564 euro eguneko zentroan inbertsioak egiteko lerroari, gizarterako ondare erosketa deiturikoa.
Tapem-Erdeia enpresa handitzeko, berriz, dagoen lursail-zatiketan egindako xehetasun azterlan baten berri eman zuen alkateak. Lazkanok azaldu zuen: "Eraikigarritasuna Forjas aldera du, baina tarte horretan behera egiten duen bide bat dago eta praktikan hor eraikitzea ezinezkoa da". Alkateak azaldu duenez enpresak aldaketa bat eskatu du: alde batera dituen metro karratu eraikigarriak aldatzea atzeko alderako metro karratu kopuru berdinarengatik. "Eraikitzeko dituen metro karratu kopurua bere horretan gelditzen da", azpimarratu zuen alkateak.
Galdera erreguak
Beste behin pleno amaierako galdera erreguen txandak ekarri zuen bi udal talde politikoen arteko iritzi trukaketa nabariena.
Gu Geu Elgeta plataformaren izenean Zubietako erraustegi proiektuarekin lotutako idatzi bat aurkeztu zuen Eduardo Zubiaurrek. Aurreko pleno batean hasitako eztabaidari erantzuna emateko asmotan hainbat adierazpen egin zituen. Gaiak, berriz ere, agerian utzi zituen bi udal talde politikoek proiektu horren inguruan dituzten iritzi kontrajarriak.
Gai hori amaitutzat eman ostean Iraitz Lazkano alkateak beste idatzi bat aurkeztu zuen. Kasu honetan aurreko astean Gu Geu Elgeta plataformak kaleratutako idatziaren inguruan non Udal Gobernuaren bi urteotako kudeaketaren balorazioa egiten zuen oposizioak. Berriz ere agerian gelditu ziren bi udal talde politikoen arteko ezadostasunak.