Gu Geu Elgeta: "Arduratuta ikusten dugu Udal Gobernua, oraindik ere, herriaren taupadak neurtzen egotea, eguneroko kudeaketatik aparte inolako ekimenik hartu gabe"

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mai. 24a, 09:32

Lau urteko agintaldia erdira iritsi denean EH Bilduren Udal Gobernuak bi urteotan egin duen kudeaketaren balorazioa egin dute oposizioko kideek. Tamalgarritzat jotzen dute "herriaren oinarrizko arazoetan eta etorkizuneko erronketan aurrera egiteko ekimen falta".

"Ekainean Elgetako EH Bilduren lehen Udal Gobernua eratu zela bi urte beteko dira. Denboraldi horren ondoren, Gu Geu Elgetatik arduratuta ikusten dugu Udal Gobernua, oraindik ere, herriaren taupadak neurtzen egotea, eguneroko kudeaketatik aparte inolako ekimenik hartu gabe. Egoera hori oso argi islatu da banatu berria izan den udal aldizkarian. Gu Geu Elgetaren ikuspegitik tamalgarria da gure herriaren oinarrizko arazoetan eta etorkizuneko erronketan aurrera egiteko ekimen falta", adierazi dute gaur ohar bidez Gu Geu Elgeta Plataformatik.

"Ostatu inguruak behar duen osoko konponketa, Pagatza industrialdeko sustapena eta bertako enpresei eskaini behar zaien laguntza, Torrealdean eraikitzeko dauden etxebizitzei bultzada, hurbileko futbol talde batek egitea nahi duen Kirol Hiri berri baten aukera baliatzeko gestioak, turismoaren gorakadak izan ditzakeen aukeren azterketa sakona... Gai horietan guztietan egon beharko litzateke Elgetako Udala lanean. Zoritxarrez EH Bilduren Gobernuaren arreta txikiena ere ez dute merezi izan", gaineratu dute.

"Gu Geu Elgetaren zinegotzi taldeak lanean jarraituko du datozen urteetan honelako gaiak gure herrian lantzen has gaitezen. Halaber, bi urteko ikasketa aldia igaro ondoren espero dugu EH Bilduren Gobernua eguneko gaien kudeaketaz harago ere zerbait egiten hasiko dela", amaitu dute.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak