Hilabete eta erdi inguru gelditzen da Elgetako Ferixa Nagusiko jaietarako eta jai batzordea hasita dago lanean. Egitaraua borobilduz doa eta jaietako kartela aukeratzeko unea iritsi da. Lehiaketa antolatu dute aurten kartela aukeratzeko, eta bi proposamen jaso dituzte.
Herritarrek erabakiko dute irabazlea eta aste honetan botoa ematera deitu dituzte. Bi kartel proposamenak ikusgai izango dira barikura bitartean buztin gelan, goizez zein arratsaldez. Bertan eman daiteke botoa. "Kartel irabazlea 2017ko festetako kartel ofiziala izango da eta irabazleak 100 euroko saria jasoko du!", azaldu dute udal arduradunek. Astelehenean emango du irabazlearen berri.