goiena.eus

German Albistegi: "Kirol Hiria Eibarren egin daiteke; gutxienez bi futbol zelai"

  Kirola  Elgeta

Elgetako Intxorta elkartean egin zuen atzo German Albistegik Hiria Primeran hautagaitzak dituen proposamenen aurkezpena. Kirol Hiriarekin lotuta esan zuen Eibarren bi futbol zelai egiteko aukera badagoela. Herriarendako ondare eta harrobiko taldeendako azpiegitura moduan ikusten du.

German Albistegi: "Kirol Hiria Eibarren egin daiteke; gutxienez bi futbol zelai"
German Albistegi, atzo, Intxorta elkartean aurkezpena egiten. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamar bat elgetarren aurrean egin zuen German Albistegik bere hautagaitzaren aurkezpena, Intxorta elkartean. Eibar Kirol Elkartearendako dituen egitasmoen berri eman zuen eta ordezkatzen duen lantaldeak hainbat esparrutan dituen egitasmoen berri eman zuen: kirol estrategia, estrategia ekonomikoa eta soziala eta inbertsioen estrategia. Horien artean aipatu zuen Kirol Hiriaren proiektua.

Albistegik lehentasunezkotzat jotzen du azpiegitura hori egitea eta Eibarren egin behar dela uste du. "Ondarea da Eibarko herriarendako eta harrobiko taldeendako azpiegitura moduan ikusten dugunez ez dugu egoki ikusten neska-mutikoak atzera eta aurrera ibiltzea. Eibarren egin behar da Kirol Hiria".

Eibarren aukerarik dagoen galdetuta erantzun zuen: "Bi futbol zelairako lekua badago. Beste kontu bat da lehen taldearen entrenamenduetarako futbol zelaia Eibartik kanpo egotea. Hori balizko ikusten dugu. Orain ere horrela da".

Gauza asko entzun eta irakurri dira Eibar Kirol Elkarteak Kirol Hiria egiteko dituen asmoen artean. Presidente kargurako hiru hautagai daude eta horietako batzuk adierazi dute hainbat aukera aztertzen ari direla, hala nola Bergara edo Elgeta. Albistegik eta bere lantaldeak Eibarren egin gura dute.

Elgetako aurkezpenaren amaieran bertaratutakoek "ideia eta proposamen oso interesgarriak" elkarbanatu izana eskertu du Albistegiren lantaldeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa