Adostu moduan taldea 09:00etan elkartu zen herriko plazan eta Kantsatzeke Mendi Taldeko Ibai Etxanizek ongi-etorria egin ostean Arrazolara abiatu ziren guztiak autoetan. Eguraldi bikaina zegoen iragarrita eta horrela izan zen. 10:00ak inguruan abiatu zen 45 laguneko taldea Arrazolako aparkalekutik. Parte-hartzaileen artean 21 ziren adin txikikoak, bi eta hamalau urte bitartekoak guztiak.
Hamaiketakoa eta bazkaria motxilan hartuta abiatu zen taldea Andastorantz. Bidean ura edateko eta indarrak berreskuratzeko bizpahiru geldialdi egin ostean taldea pare bat orduan iritsi zen gora. Umeek markatu zuten erritmoa eta Kantsatzekek bi arduradun ipini zituen, bata taldearen buruan eta bestea atzean. Aurreko taldekoak, gainera, bidea markatzen joan ziren. Bidegurutzeetan, bereziki, basoan aurkitutako adarrekin egindako geziak ipini zituzten atzekoei zein bide hartu adierazteko.
Ibilbide polita egin zuten. Hasierako pista zabala laster sartu zen pagadi eder batean. Erreka baten konpainian egin zuen elgetarrek bidearen hurrengo zatia, eta halako batean agertu ziren zeru urdina goian eta Anboto handia eskuman. Inguru ederraz gozatzeko aukera izan zuten elgetarrek. Harritsuagoa bihurtu zen bidea puntu horretatik aurrera, baina gertu zen helmuga. Eguerdi inguruan iritsi ziren gora eta ikuspegiaz gozatu eta argazkiak atera ostean eguneko geldialdi nagusia egin zuten.
Hainbat tontor inguruan Andasto aurkitzea izan zen hurrengo erronka. Talde txiki batek aurkitu zituen plaka eta postontziak. Gerora gerturatu ziren taldeko gainerakoak. Idatzia ere utzi zuen mutikoetako batek postontzian.
Itzulera azkarragoa izan zen. Atxondoko Tope tabernan egin zuten elgetarrek irteerako azken geldialdia denek batera trago bat hartzeko.