Egitasmo berria du esku artean Kantsatzeke mendi taldeak. Neska-mutikoendako bi irteera antolatuko dituzte aurten lehen aldiz. "Helburua da umeen artean ere mendirako afizioa sortzea", adierazi du taldeko presidente Jose Mari Beristainek.Bigarren irteera udazkenean egingo dutela adierazi du, urriaren 10ean, hain zuzen ere.
Irteera horiek antolatzeko ardura hartu duen Ibai Etxanizek eman ditu azalpen gehiago: "Familian egiteko irteerak izango dira; izan ere, eskatzen dugu umeak arduradun batekin etortzeko. Lehena izatera ez dakigu zenbat lagunek emango duten izena, eta oraingoz asmoa da autoetan joatea", esan du. Gutxienez pare bat mendi gidari izango dira eta taldea 09:00etan abiatuko da Elgetatik.
Asmoa da mendian lasai ibili eta bazkaldu ostean itzultzea. "Ez dugu adin tarterik ipini. Umeek ipiniko dute erritmoa", esan du. "Arrazolatik abiatuko gara. Udalaitz eta Anboto artean dagoen tontortxo bat da Andasto eta bide izugarri polita da: pagadi batzuk pasatzen dira, erromatar galtzada eta errekatxo ere badaude...".
Etxanizek azaldu du Soraluzeko taldeak umeendako egiten dituen irteerak hartu dituztela oinarri: "Gehienez 600 bat metroko desnibela eta 7-9 kilometroko distantzia". Interesatuek maiatzaren 4rako eman behar dute izena. Prezioa da sei euro helduendako eta lau euro adin txikikoendako.