Iragarri moduan atzo arratsaldean plazara atera zituen liburuak liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak. Mahaia ipini zuen udaletxeko arkupean eta ekintzarekin liburutegiko zerbitzuen berri emateaz gain zenbat argitalpen oparitu eta zozketatu zituen.
17:00etan hartu zuten lekukoa Beatriz Egizabalek eta Cesar Marcosek. Kutxa handi batekin eta marrazkiak egiteko arbel handi batekin etorri ziren. Kutxa handiak hainbat kutxa txiki zituen barruan, eta kutxa txiki bakoitzak ipuin bat zuen gordeta. Hainbat kontatu zituzten 40 bat neska-mutikoren aurrean. Horien bitartez eguzki izpiak eta koloreak biltzen dituen Frederik sagua ezagutu zuten, baita ere jolasteko lagunik aurkitzen ez duen euliaren istorioa. Marrazkiekin lagunduta kontatu zituzten ipuinak Kutxaka ikuskizuneko bi kideek, eta neska-mutikoen parte hartzea ere lortu zuten behin baino gehiagotan.
Atzoko ekintzaren ondotik Herri Eskolako zenbait talderendako bisita gidatuak egingo dituzte egunotan liburutegian. Zerbitzuak aste honetan izango duen ordutegiari dagokionean astelehenetik eguaztenera 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik eta eguenean 14:30etik 17:30era. Barikuan itxita egongo da eta baita ere astelehenean, maiatzak 1.