goiena.eus

Interesa piztu du herritarrengan 1936ko gerrari buruzko hitzaldiak

  Kultura  Elgeta

Intxortako borrokaldien 80. urteurreneko ekitaldien barruan egin den hitzaldian Ainhoa Bernabe Turismo teknikariak eman ditu hasierako azalpenak, eta gero, Nicholas Rankin idazle eta irrati kazetari britainiarrak hartu du hitza. Haren ostean, orain dela bi urte eta erdi Elgetan gertakarien nondik norakoak aztertzen izan zen Robert Egby idazleak hitz egin du.

Interesa piztu du herritarrengan 1936ko gerrari buruzko hitzaldiak
Nicholas Rankin idazle eta irrati kazetari britainiarra azalpenak ematen. | Ikusi handiago | Argazki originala

1936ko gerra gertutik bizi izan zuten bi idazle britainiar izan dira arratsaldean Elgetako osoko bilkuren aretoan, eurek gertakari horri buruz idatzitako liburuak aurkezten eta orduko egoera gordina zein izan zen herritarrei kontatzen.

Nicholas Rankin idazle eta irrati kazetari britainiarra bere bigarren liburuari buruz jardun da: Telegram from Guernica. George Steer gerra korrespontsalaren biografia jasotzen du bertan eta hitzaldian izan da gainera gerra korrespontsal haren seme Jorge, gonbidatu bezala.

Idazleak jakitera eman du gizarteak gertatzen ari zena jakiteko eta orduko benetako gertakariak zeintzuk ziren ezagutzera emateko helburuz, George Steer gerra korrespontsalak 1936ko gerra bertatik bertara bizi izan zuela. Esaterako, kontatu du Gernikako bonbardeaketaren hurrengo egunean bertan izan zela, gertakari hura nolakoa izan zen munduari erakutsi nahian. The New York Times eta The Times egunkarietarako idatzi zuen, adibidez, momentu hartan gertatzen ari zena.

Bestalde, bigarren hizlaria, Robert Egby, nobela historikoan dago espezializatua. Duela lau urte hasi zen 1936ko gerra aztertzen eta For the love of Rose: a journey in three worlds idatzi zuen. Gertaerek 1937ko Durangora eta Elgetara bultzatzen ditu bi protagonistak. Gainera, idazlea, haren emazte Betty Lou Kishler bidaia lagunarekin batera, Durangon eta Elgetan izan zen eleberria prestatzen ibili zenean, testuan agertzen diren lekuak ezagutzeko eta bonbardaketari buruzko informazioa bertatik bertara jasotzeko. Gaurko hitzaldian ere izan da emaztea, publiko bezala. Guztira, 40 lagun inguru izan dira hitzaldian.

Ikus-entzunezkoaren emanaldia

Atzo, eguena, hasi ziren Intxortako erresistentziaren 80. urteurreneko ekitaldiekin. 1936an Elgoibarren gertatutakoak jasotzen dituen Memoriaren ganbaratik ikus-entzunezkoa eman zuten udaletxean. Borrokaldien errekreazioa egiteko erabiltzen den materialarekin grabatu dute dokumentala eta irudikatzen du tropa frankistak Elgoibarren sartu zireneko unea. Guztira, 300 lagun inguruk parte hartu zuten ikus-entzunezkoan eta tartean daude Osintxuko Jon Olivares eta Bergarako Ana Moñux, aktore lanetan.

20 lagun inguru izan ziren proiekzioan eta Elgetako alkate Iraitz Lazkanok esan du Elgetako errekreaziorako "ideia interesgarriak" hartu zituztela ikus-entzunezkoarekin, izan ere, "herrian gertatutakoari pisua" ematen dio.

Ikus-entzunezkoaren proiekzioaren hasieran hartutako irudia. Egilea: Intxorta 1937 Kultur Elkartea. 

Hurrengo egunetako ekitaldiak

Zapatuan, egun handiaren bezperan, 43º13’44’N antzezlana ikusteko aukera izango dute bisitariek 12:30ean eta 18:30ean. Formatu txikiko ikuskizuna da eta udaletxean egingo du Olatz Gorrotxategi dramaturgo eta antzezleak. Erregimen frankistak erbesteratu eta inoiz itzuli ez ziren biktimak ditu oinarri antzezlanak.

18:00etan gerra garaiko Elgeta ezagutzera emateko bisita gidatua egingo dute herrian eta 19:30ean Orkestra elektrotxarangak girotuko ditu kaleak.

Domekan, berriz, hilak 23, egingo dituzte Intxortako borrokaldien errekreazioa eta omenaldi ekitaldia. Aurten, gerran urteetan hildako elgetarrak omenduko dituzte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa