"Aldaketa egin dugu hainbat herritar zuzendu direlako kirol batzordera beraien kezkak eta interesak azaltzera. Ordutegi hori iraunkorra izatea nahiko genuke, baina beste proposamenik edo eskaerarik baleude batzordean aztertuko genituzke", esan du kiroletako zinegotzi Mikel Elkorok. Arautegi berria indarrean da astelehenetik, eta ikusgai dago udal pilotalekuko ohar taulan.
Hiru aldaketa nagusi
Aldaketa nagusiak hiru dira. Herri Eskolaren erabilerarako izango da frontoi osoa astelehenetan, martitzenetan eta eguenetan, 14:30etik 16:00etara. Salbuespena dira eguaztena eta barikua. Kasu bietan pilota jokoek izango dute lehentasuna 14:30etik 17:00etara. Hortik aurrera, eguaztenetan, pilota eskolarendako izango da frontoia 17:00etatik 19:00etara.
"Herri Eskolak ordu eta erdiko bi saio galtzen ditu pilota jokoen mesederako", adierazi du Elkorok. "Aldaketa jasaten duen Herri Eskolarekin hitz egin dugu eta adostasun horretara heldu gara".
Arautegi berriak eragina du baita ere orain arteko neska-mutikoen jolas librerako tarteetan. "Umeen jolas tarteak bi ordu galtzen ditu astero; bat eguaztenean eta beste bat barikuan", azaldu du Elkorok. Zinegotziak gehitu du arautegian ez dela argi adierazten erabilera libreko orduak erreserba daitezkeela dagokion ordainketa egin ondoren. Zehaztapen hori egingo dutela adierazi du.