"Egin dugu gure zatitxoa", adierazi dute Elgetako Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariek. "Egunotan eskuz esku dabil Korrikako lekukoa Euskal Herrian zehar. Guk Nafarroako Eslaba herrian egin dugu gure tartetxoa. Elkarteko gaztetxoenek hartu zuten lekukoa, eta irribarrea ahoan eraman zuten, pozik".
Egun osoko txangoa antolatu zuten euskara elkartetik Nafarroara zapatuan, eta 21 lagun joan ziren autobusean. Oibar herrian egin zuten lehenengo geldialdia. Bazkaldu eta Eslabara joan ziren adierazitako lekuan lekukoa hartzeko prest. Bederatzi neska-mutikoren artean eraman zuten lekukoa egokitutako tartean, 466 kilometroan hain zuzen ere. Esan beharra dago Debagoiendar ugarirekin egin zutela topo. Aretxabaletako talde baten eskutik jaso zuten lekukoa, esaterako.
Egon zen hasiera batean egokitutako tartea baino gehiago egin zuenik. Iker Irazabal elgetarrak Eslabatik Zangozarainoko bidea egin zuen Korrika. 21 kilometro pasatxo! (466 kilometrotik 487 kilometrora).
Korrika Txikia, barikuan
Gogoratu Elgetako Herri Eskolak barikuan egingo duela Korrika Txikia. Ikasle eta irakasle taldea 15:00etan abiatuko da ikastetxetik. Jarraian etorriko dira txokolate-jana —guraso elkarteak antolatua— eta txotxongilo ikuskizuna —Udalak antolatua—.
Eta zapatuan iritsiko da Korrika 20 Debagoienera. Autobusa antolatu du Udalak Oñatira zein Arrasatera joan-etorria egiteko. 10:30ean abiatuko da autobusa Elgetatik eta doan da. Eguenera arteko epea dago izena emateko bai udaletxean bai liburutegian.
Iruñeko amaiera jaialdira joan nahi dutenek bailara mailan antolatutako autobusak dituzte aukeran. Elgetarrek Bergaran hartzeko aukera izango dute. 09:30ean abiatuko dira. Prezioa da 10 euro eta izen-ematea zabalik da eguaztenera arte, Elgetako udaletxean.