Astelehenean ekingo diote ikasturte honetako kultura asteari Elgetako Herri Eskolan. Urtero moduan asmakizunak eta hizkuntz-jolasak egingo dituzte. Kultura zirkuitua eta Haur Hezkuntzako neska-mutikoendako jolasak ere ez dira faltako. Sari banaketa eguenean egingo dute eskolako sarreran, 10:45ean.
Horrekin batera barikurako iragarrita dagoen Korrika Txikia prestatzeko lanak ere egingo dituzte. Korrikako txapak eta dortsalak egingo dituzte eta guztia prest izango dute barikuan egiteko den Korrika Txikirako. Eskolako umeak 15:00etan abiatuko dira ikastetxetik.
Herriko eguneko zentrora ere iritsiko da eskolako Kultura Astea. Ikasleak bi egunez izango dituzte bisitan, martitzenean eta eguenean, 14:30ean. Martitzenean laugarren eta bosgarren mailakoek egingo dute bisita, eta eguenean seigarren mailakoek. Urtero moduan musika entzunaldiak eskainiko dizkiete bertako erabiltzaileei.
Pello Añorgaren bisita
Pello Añorga izango da ikasturte honetako kultura asteko gonbidatu nagusia Elgetako Herri Eskolan. Ipuin kontalari eta idazle oiartzuarra eguenean izango da Elgetan. Ikasleekin elkartuko da eta bere jardunaren inguruko azalpenak emango dizkie neska-mutikoei. Ziurrenik ipuin bat edo beste ere kontatuko du. Añorgaren bisita 11:30erako dago iragarrita.
Bisita gidatuak liburutegira
Aurreko urteetan moduan liburutegi bat zer den eta nola erabiltzen den ikasteko bisita gidatuak ere egingo dituzte aurten eskolako neska-mutikoek. Bisita gidatuak eskainiko dizkie Geaxi Ezpeletak lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako ikasleei eguenean apirilaren 25ean eta 26an.