Korrikarekin bat egiteko hainbat aukera Elgetan ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mar. 31a, 11:00
Herri Eskolako neska-mutikoak eta irakasleak, orain lau urte, Korrika txikia egiten.

Apirilaren 7an egingo du Korrika Txikia eskolak. Txokolate-jana eta txotxongilo ikuskizuna ere iragarrita daude. Bezperan, Uemak, hizkuntza-joeren gaineko tailerra egingo du Elgetan. Herritar guztiak daude parte-hartzera gonbidatuta.

Atzo abiatu zen Korrika Otxandiotik, eta lekukoa apirilaren 9an iritsiko da Iruñara. Korrika, aurten, ez da Elgetatik pasako baina elgetarrek hainbat aukera izango dituzte lasterketarekin bat egiteko: lehenengoa bihar, zapatua, Goibeko euskaltzaleen topagunearen eskutik. 25 bat lagunek eman dute izena antolatutako irteeran parte hartzeko. Goibekok Eslaba herrian hartuko du lekukoa 14:50ean, eta Korrika egin ostean taldea Zangozan antolatuta dauden ekintzetara gerturatuko da.  

Arnasguneen inguruko gogoeta

Euskararen arnasguneei buruzko erakusketa bat eta tailer bat iragarri dituzte Udalak eta Uemak elkarlanean. Erakusketak Euskararen arnasguneak. Nondik gatoz eta nora goaz? du izena, eta astelehenetik eguenera bitartean izango da ikusgai Herri Eskolan. Buztin gelan izango da eguenetik astelehenera.

Tailerra ere Herri Eskolan egingo dute, eguenean, 16:30etik 18:30era. Sendotu arnasguneak du izena, eta haurren eta helduen parte hartzea eskatzen du. Etxeko hizkuntza-joerak eta hizkuntzaren erabileran eragina duten faktoreak identifikatu, eta horrekin batera hutsuneak nola landu aztertuko dute bertan. Herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta —gurasoak, aitona-amonak, hezitzaileak, zaintzaileak...—. Ez dago ez adin tarterik ez izen-ematerik.

Elgetarrak eta Korrika 20

Herri Eskolak apirilaren 7rako iragarri du Korrika Txikia. Ikasle eta irakasle taldea 15:00etan abiatuko da ikastetxetik herrian zehar prestatutako ibilbidea egiteko. Maala guraso elkarteak ere bat egingo du ospakizunarekin, eta txokolate-jana eskainiko du 16:00etan. Udalak antolatuta euskal mitologiako pertsonaiak oinarri dituen Azken eguzkilorea izeneko txotxongilo emanaldia ere egingo du Patata tropikala antzerki laborategiak, Mendizaleen plazan.

Korrikarekin bat egiteko, bestalde, bi autobus daude antolatuta. Bata apirilaren 8an Oñatira joateko. Udalak antolatu du eta doan da. Bigarrena eskualde mailan antolatu dute Iruñako amaiera jaialdira joateko. Bietarako eman behar da izena aurrez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak