Korrikaren inguruko Elgetako lehenengo ekintzak

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mar. 9a, 17:00
Korrika, orain bi, Elgetan.

Bi urtean behin egiten den lasterketa ez da aurten herritik pasako. Hala ere, Korrika batzordea sortu du Udalak eta hainbat ekintza prestatu ditu giroa sortu eta herritarrek ekimenarekin bat egin dezaten. Goibeko euskaltzaleen topaguneak, bere aldetik, Nafarroan hartuko du lekukoa.

Badator Korrika eta oraingoan Elgeta zapalduko ez badu ere euskararen aldeko lasterketarekin bat egiteko hainbat aukera izango dituzte herritarrek. Gaurko, martxoak 10, iragarri ditu Elgetako Korrika batzordeak lehenengo ekintzak. Buztin gelan burutuko dituzte eta izango dira erakusketa bat, ikus-entzunezko baten emanaldia eta Korrika materialaren salmenta.

Erakusketa 18:30etik 20:30era egongo da zabalik eta Korrikaren aurreko edizioen errepaso historikoa egiten du. Ikus-entzunezkoak, berriz, Euskararen lau aurpegi du izenburua eta lau lagunen bizipenak ditu ardatz. Euskaraz bizi den jendea, euskarara hurbildu dena, kolore eta ñabardura askotakoa dela erakusten du. Korrika materialaren salmenta 19:00etan hasiko da, hori ere buztin gelan.

Korrika egiteko aukera

Elgetarrek hainbat aukera izango dituzte Korrikan parte hartzeko. Apirilaren 1erako egun osoko irteera antolatu du Goibeko euskaltzaleen topaguneak Nafarroan kilometroa egiteko.

Herri Eskolak, berriz, apirilaren 7rako iragarri du Korrika Txikia eta gauzak ondo bidean 15:00etan abiatuko da ikastetxetik herrian zehar itzulia egiteko.  

Apirilaren 8an ere Korrikan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Udalak autobusa antolatu du lasterketa Oñatitik zein Arrasatetik igarotzen den unerako. Joan-etorria egiteko autobusa doan izango da.

Apirilaren 9ko amaiera ekitaldirako ere autobusa egongo da. Debagoieneko Korrika batzordeak ipiniko du. Ikusteko dago oraindik autobus hori herritik pasako den edo elgetarrek Bergarara jaitsi beharko duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak