Herritarrak trebatzen, konposta baldintza onenetan egin dezaten

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko api. 14a, 11:34

Agertu diren arazoak ohikoak eta soluzio errazekoak direla esan du Vermican enpresako Joseba Sanchez, eta kontuan hartu beharreko zenbait neurri ekarri ditu gogora.

Konposta egiten duten hainbat elgetarrek prozesua baldintza onenetan egiteko gomendioak jaso dituzte asteon. Kontuan hartu beharreko gutxieneko neurrien errepasoa egin dute Vermican enpresako Joseba Sanchezekin.
Elgetan 163 familiak dihardute konposta egiten: 63 familiak nork bere konpostagailuarekin eta 100 familiak konpost-guneetan. Kalitate oneko konposta dela esan du Iraitz Lazkano alkateak, orain arteko kalifikazioetan baratze ekologikoetan erabiltzeko baimena lortu baitu. Azkenaldian, ordea, eltxoak eta usaina kezka iturri izan dira erabiltzaile batzuen artean, eta horiek zelan konpondu azaldu dute.

Soluzio errazak

Vermican enpresako teknikariak esan du agertu diren arazoak soluzio errazekoak direla, eta hiruzpalau jarraibide eman ditu. "Lehenengo eta behin, ondo bereizi behar da etxean; izan ere, azkenaldian, plastiko batzuk agertu dira. Eta behin hondakinak konpostagailura botata, ondo mugitu behar dugu barruan dagoena. Joan aurretik, egituratzaile lehorrarekin ondo estalita utzi behar dugu guztia". Erabiltzaileek neurri horiek kontuan har ditzaten, erraz irakurtzeko panelak ipiniko dituzte auzo konpost-gune guztietan. Horrekin batera, Udalak beste bi neurri hartu ditu: alde batetik, egituratzaile sendoagoa ipini dute; eta bestetik, zulatzaile elektrikoa erosi dute udal brigadako langileek hondakinak aireztatzen laguntzeko.

Datu onak herrian

Arduradunak pozik agertu dira herritarrek urteotan erakutsitako inplikazioarekin. "Datuak onak dira bai ikuspuntu ekologikotik bai ekonomikotik. Herrian zenbat eta hondakin gehiago kudeatu, orduan eta merkeago atzeratzen zaigu, eta beharra badago erabilgarri edukitzen dugu konpost hori", esan du alkateak.
Joseba Sanchezek ere balorazio positiboa egin du: "Askotan gertatzen da jendea oso motibatuta egoten dela, baina hasieran. Elgetan gertatu dena da motibazio hori mantendu egin dela hiruzpalau urtean, eta mantentzen ari dela. Seinale oso ona da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak