Gu Geu Elgeta: "Kafe antzokiaren egoera tamalgarriari irtenbide egoki eta premiazko bat ematea eskatzen dugu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko urt. 22a, 08:30
Espaloia kafe antzokia.

Gaiarekiko pasibotasuna leporatzen dio oposizioak Udal Gobernuari. Udal arduradunek, ordea, jarraipen zorrotza egiten ari direla adierazi dute.

Gu Geu Elgeta Plataformak uste du Espaloia kafe antzokiaren egoerak irtenbide bat behar duela. “Agintaldi honen aurretik datorren arazoa izan arren, bada jadanik garaia Bilduren Udal Gobernuak Espaloia kafe antzokiaren egoera tamalgarriari aurre egin eta premiazko irtenbide egoki bat eman diezaion”, azaldu dute. “Nahiz eta ez den egoera erraza, okerrena arazoa dagoenetan uztea dela uste baitugu (…) Egun gure herriko kafe antzokian indarrean dagoen kultura eskaintza ez da batere ona ez eta bertako maizterraren kontratuzko betekizuna. Ondorioz, eta arduradun nagusi gisa, Udalak bere erantzukizuna bete behar du eta irtenbide bat aurkitu kultura azpiegitura honen egoera jasanezinari”.

Gu Geu Elgetaren ustez: “Ezin daitekeena onartu zera da: Bilduren Udal Gobernuaren aldetik gai honen inguruan dagoen pasibotasuna. Zenbat eta lehenago hasi gaurko egoerari aurre egiten, gero eta lehenago izango dugu elgetarrok gaur egungo posibilitateetara egokitutako kafe antzokia”. 

Inplikatuen erantzunak 

"Espaloia kafe antzokia ez dago egoera onean, begi bistakoa da", esan dute Udal Gobernutik. "Elgetako Udala jarraipen zorrotza egiten ari da gai honen inguruan. Txosten juridikoak eta ekonomikoak baditugu eta maizterrari bere kontratuzko betebeharren egoeraren berri emateko ere eskatu zaio, erantzukizun zibileko aseguruen egoera kasu. Gauzak presaka egitea inoiz ez da ona, eta Elgetako Udalak badu esperientzia horretan", adierazi dute. "Gu Geu Elgeta talde politikoak lanerako prest zegoela esan zien herritarrei hauteskunde kanpainan, egoera bestelakoa da ordea. Udal Gobernuan parte hartzeari muzin egin zioten, batzordeak kudeatzeari ere bai, Debagoienerako eta beste elkarte batzuetarako ez zuten ordezkaririk izendatu nahi izan... Edozein aitzakia darabilte Udal Gobernuari kritika hutsala egiteko. Horrelako komunikazioek Udalaren jarduna eta lana oztopatzea besterik ez dute helburu. Bada garaia, beraz, era honetako komunikazio publikoak egiteari utzi, behar den lekuan proposamenak eta ekarpenak egin eta lanean hasteko".

Kafe antzokian diharduen Batirtze Arantzabalek, aldiz, kafe bat hartzera gonbidatu ditu Gu Geu Elgeta plataformako kideak. "Ez dira ikuskizun bakar batera ere etorri. Lehen eskutik emango diet aretoko kudeaketaren berri", esan du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak