Udal eta Foru hauteskundeak 2015

"Gura dugu alkatetza aldaketa ondo egitea, modu naturalean"

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mai. 29a, 09:30
Oxel Erostarbe, eguaztenean, udaletxe aurrean.

Erostarbek Lazkano zoriondu du emaitzengatik. Ehun botoko aldea dezenteko aldea dio, eta txikiagoa espero zuela.

Ekainaren 13an izendatuko dute Iraitz Lazkano Elgetako alkate. Oxel Erostarbe beste etapa baten atarian da.

Elgetarrek hitz egin dute. Ze hausnarketa sortu dizute emaitzek?
Faboritoa zen EH Bildu eta bete egin da pronostikoa. Parte hartzea dezentekoa izan da, elgetarrek berba egin dute eta konfiantza eman diote Iraitz Lazkanori. Domekan bertan eman nizkion zorionak eta orain ere ematen dizkiot lerro hauetatik. Nik alde txikiagoa espero nuen; ehun boto dezenteko aldea da gurea moduko herri batean. Gu Geu Elgetak egin duen proposamena interesgarria iruditu zait, alderdiak alde batera laga eta herritarren zerrenda egitea.

Gu Geu Elgeta babestu duzu zuk.
Mila biztanleko herri bat gara eta sinesten dut Elgetarako onena dela independentez osatutako zerrenda bat. Zerrenda horretan daudela EAJko, ezker abertzale ofizialeko edo Aralarko kide izandakoak? Ba, ederto. Denborak esango du, baina gurea moduko herri batean kontuan hartzeko proposamena iruditzen zait herritar ezberdinez osatutako herri kandidatura egotea.

Iraitz Lazkano izango da alkate berria. Zer iruditu zaizu aurkeztu duten programa?
Gura nuke herrigintza izatea ardatza, eta ez makro-politika. Gauzak aldatzera datorrela esan du EH Bilduk. Aldatzea baino, nik nahiago nuke hobetzea. Gurea moduko herriekin konparatzen badugu, orokorrean azpiegiturei eta zerbitzuei dagokienez Elgeta ondo dagoela esango nuke. Beti dago zerbait hobetzeko, baina gauzak egiten hasteko oinarri ona utzi dugu. Gura dugu alkatetza aldaketa ondo egitea; mahai gainean dauden gauzak azaldu, zalantzak argitu; azken finean, gauzak normal egin. Batzuk bagoaz eta beste batzuk badatoz, egin dezagun erreleboa natural. Dagoeneko harremanetan jarri gara EH Bildukoekin hori ondo gauzatzeko. Gu Geu Elgetakoekin ere elkartzea da asmoa.

Gu Geu Elgetak oposizio lanak egin beharko dituela dirudi. Talka handiak aurreikusten dituzu?
Gu Geu Elgetak egin beharreko ibilbidea Gu Geu Elgetakoek adierazi beharko dute. Elgetarrok talka baino nahiago dugu adostasuna.

Elgetatik kanpoko emaitzek ze gogoeta sortu dizute?
EAJ indartsu ikusi dut, Gipuzkoan eta eskualdean gorakada espero zitekeen, baina Arrasateko edo Bergarako alkatetzak lortzea ez. Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularra beheraka doaz etengabe. Ezker Batuak aguantatu egin du oraingoan. Indartsu dator Podemos, Elgetan bertan 50 boto lortu ditu. Lau gogoeta egingo nituzke:

1) Nafarroa Bai-ren alde egin genuen batzuek ezker abertzalean; Geroa Bai-k jarraipena eman dio apustuari. Hortik etorriko da aldaketa Nafarroan. Poztekoa. Egunotan asko gogoratu naiz Jon Abrilekin, Aintzane Ezenarrorekin, Mikel Basaberekin, Itziar Gomezekin eta Uxue Barkosekin. Baita garai haietan gure ondoan egon ziren militanteekin ere, asko gure eskualdeko militanteak eta zinegotziak. Denborak nor bere lekuan ipintzen du.

2) Herritarrei hitza eta erabakia emango zaiela esatea ez da nahikoa. Esan egin behar da eta eman. Politikako egunerokoak harrapatu egiten zaitu, pentsatzeraino zure ingurukoak direla herria. Herria guztiak dira, zure aldamenekoak eta beste modu batera pentsatzen dutenak.

3) Gero eta zailagoa da edozein herritarrek alderdi edo kandidatura batean joateko pausoa ematea. Iritzi batekoak edo bestekoak izan pauso hori ematen dutenak gehiago baloratu behar genituzke. Ez hori bakarrik, pausoa eman eta epe motzean alderdi edo kandidaturaren izenean jardun duten alkateak eta zinegotziak babestu egin behar dira alderdietatik. Batez ere, lehenago alderdia joan denean aurkezteko eskatzera eta adostasunetara heltzeko jarrera erakutsi dutenean.

4) Autokritika egin behar da beti. Eta batzuetan dimisioa aurkeztu ere bai, gutxienez etxe barruan eta hedabideetatik kanpo.

Alkate eta legebiltzarkide izan zara. Zer inpresio utzi dizu politikagintzak?
Nik gustuko dut herrigintza. Politikagintzari dagokionez, alde onak eta txarrak ezagutu ditut. Nik sinesten dut jende askok ematen duela politikan inplikatzeko pausoa zintzotasunez eta onenak emateko asmoarekin. Politikagintzatik karrera egin gura dutenak ere topatu ditut. Politikagintzan gertatzen ari dira aldaketak. Esango nuke alderdi batzuk, behintzat, konturatu direla ezin direla euren egoitzetan geldirik egon, konturatu direla gerturatu egin behar dutela herritarrengana.

Irakurri dizut langabeziara zoazela. Zaila da arlo profesionalean beste etapa bat zabaltzea?
Gure amak esan zidan orain dela hamabi urte ez ote zen hobeto lehenengo lana topatzea eta gero heltzea beste kontuei. Agian, arrazoi zeukan, baina ni ez naiz damutzen hartutako erabakiaz. Lehenago ere jardun dut tabernan lanean, eskolak ematen... Gainontzeko langabe gehienen moduan, badut lana topatzeko esperantza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak