Hiri hondakinen %84,18 sailkatu dute elgetarrek urtarrilean

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mar. 11a, 14:13
Mankomunitateak berriki aldatu ditu, Elgetan, edukiontzi horiak eta urdinak.

Herritarrak zoriondu ditu Udalak, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko eskatu die.

Abenduaren 9an ezarri zuten hiri hondakinak biltzeko sistema berria Elgetan, eta Debagoieneko Mankomunitateak emandako datuen arabera urtarrilean %84,18ko sailkatze mailara iritsi dira elgetarrak —perdoia: %5—.

"Herritarrak zoriondu gura ditugu hondakinak ondo kudeatzen dihardutelako. Sistema berria emaitza onak ematen ari da herritarrei esker", adierazi du Elgetako alkate Oxel Erostarbek. "Bide beretik jarraitzera animatzen ditugu elgetarrak", gehitu du.

Elgetarrek hondakinen %33,57 sailkatzen zuten aurreko sistema bilketarekin, eta helburua zen %70-80ra heltzea.

Konposta ona

Udal arduradunek aipamen berezia izan dute auzo- zein auto-konpostarekin diharduten herritarrendako: "A mailako konposta egiten duzuela erakutsi dute analisiek. Oso kalitate onekoa da, ortu ekologikoan erabiltzeko balio du", esan du alkateak.

Hobetzeko daudenak

"Badira, oraindik ere, hondakinak sailkatzen ez dituzten herritar gutxi batzuk. Ohiturak aldatzera animatu gura ditugu", esan du Erostarbek. Bestalde, edukiontzi grisetan egon beharko ez liratekeen hainbat hondakin agertzen direla ere esan du, batez ere ontzi arinak. "Laster edukiontzi grisetan dagoen hondakinak aztertuko ditugu bertan egon beharko ez luketen hondakinak zenbat eta zeintzuk diren zehazteko".

Alkateak gogorarazi du Udalak informatzaile bat duela herritarren kezkak edo galderak argitzeko. Astero egoten da udaletxean martitzenetan eta eguenetan 8:30etik 9:30era.

Arazoak edukiontzi berriekin

Txartelarekin zabaltzekoak diren edukiontzi berriek ­—grisek eta marroiek— arazoak eman dituzte. Edukiontziak zabaltzeko eta ixteko sistemak eman ditu arazoa. Udalak jakinarazi du Mankomunitatearekin elkarlanean diharduela lehenbailehen konponbidea emateko. "Espero dugu bi asteko epean arazo horiek guztiak konponduta egotea", esan du Oxel Erostarbe alkateak.

Bestalde, Mankomunitateak berriki aldatu ditu ontzi arinak sailkatzeko edukiontzi horiak, eta papera zein kartoia sailkatzeko edukiontzi urdinak. Handiagoak eta berriagoak ipini dituzte aurrekoak "oso zaharrak" zirelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak