Txapela moztu, kalabaza hustu, musu beldurgarria marraztu eta zuloak egin... Atzo, zortzi bat kalabaza prestatu zituzten gaur iluntzerako Guraso elkarteko kideek eta zenbait umek.
Kalabaza handiak zein txikiak gertatu zituzten, eta aukera baliatu zuten denetariko haziak gordetzeko. Ideia da eskolako ortuan erein eta hurrengo urteko Arimen gauen bertako kalabazak erabiltzea.
Gaur jokoak eta altxorraren bila
17:00etarako umeendako jokoak iragarri ditu guraso elkarteak. Jokoak izan dira, besteak beste, zaku eta arrautza lasterketa, pinaburuak jasotzea, sagarrari kosk egitea... Aurpegia margotzeko tailerra ere egongo da.
Jokoak amaitutakoan mozorrotzeko tarte izango dute elgetarrek, eta ilundutakoan, 19:00ak aldera, karlista galduaren altxorraren bilaketa hasiko da. Seigarren mailako neska-mutikoak antzezle lanetan ikusiko ditugu, eta jaramon eginez gero Elgetan desagertutako karlista baten istorioa ezagutuko dugu. Ez hori bakarrik, herrian aspalditik ezkutatuta dagoen altxor misteriotsu bat topatzeko aukera ere izango dute parte-hartzaileek.
Ilunduta egongo da eta antolatzaileek gomendatu dute linternarekin parte hartea. Jokoak herriko gune ezberdin asko hartuko ditu, gehienbat, San Roke eta Domingo Iturbe kaleak. Kontu handiz ibili!