Udalak, azkenean, mailegua eskatuko du 2011ko foru funtsaren itzulketari aurre egiteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko eka. 20a, 15:19

38.000 euroko mailegua eskatuko du Udalak; atzo onartu zuten Aldundiak eskatzen duen lau urterako finantzazio plana.

"Gure irizpidea da bizi dugun egoera ekonomikoan ezin dugula mailegurik eskatu", esan zuen Oxel Erostarbe alkateak apirilean Goiena telebistan egindako elkarrizketa batean. 2011ko foru funtsaren itzulketak hamaika tirabira sortu ditu Elgetan. Erostarberen hasierako planteamendua izan zen aurrekontuan murrizketak egitea, tartean Uematik irtetea edo 2012-2013 ikasturteko kirol zerbitzuen hasiera urtarrilera atzeratzea. Baina murrizketa proposamenak Bilduren haserrea eragin zuen; kudeatzen zituen bi batzorde-burutzak lagatzera arteko haserrea. Asentzion aurreikusita dagoen inbertsioa ez egitea nahikoa da Bilduren ustez 2011ko foru funtsa urtea amaitu aurretik itzultzeko.

Finantzazio plana

Atzo, martitzena, lau urterako finantzazio plana onartu zuen udalbatzak. Mailegua onartzeko Aldundiak ipinitako ezinbesteko baldintza da plan hori aurkeztea. Erabakia hartzeak ez zuen plenoan eztabaida handirik piztu. "Behartuta gaude onartzera", esan zuen EAJ-ko Patxi Basaurik. "Ulertzen dugu plangintza bat egin behar dela, baina jarraitzen dugu pentsatzen Elgetan badagoela foru funtsa ordaintzeko beste bide bat", adierazi zuen Bilduko Janire Lazkanok.

Planteamendu bakarra

"Baten batek beste planteamendu bat badauka prest nago plenoa atzeratu eta proposamen hori aztertzeko", esan zuen Erostarbek. Baina ez zen beste planteamendurik aurkeztu, eta aurrera egin zuten bozketarekin. Aldeko botoa eman zuten Aralar-Independenteak taldeko lau zinegotziek eta EAJ-ko biek. Bilduko hiru ordezkariak abstenitu egin ziren. Azkenean, mailegua eskatuko du Elgetako Udalak 2011ko foru funtsa itzultzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak