Beteranoen gaua Espaloian, Balerdi Balerdi eta Moraurekin

Usoa Agirre 2012ko eka. 1a, 17:00

Duela 12 urte utzi zituen Balerdi Balerdik talde nafarrak eskenatokiak, baina Toño Muro abeslariak aitortu digun moduan, ez zuten "erabat utzi". Harrezkero proiektu txikietan aritu dira taldea osatzen zuten kideak. Aurten, Toño Muro eta Sergio Ibarrola 'Zaratustra' batu eta Karlos Ortiz baxu-jolearekin batera abiatu dute Balerdi Balerdiren kontzertu-bira berria. Elgetan egingo dute gaur birako geldialdi bat, 22:30ean hasita. Morau kantautore hernaniarrak eskainiko du kontzertua nafarren aurretik.

Balerdi Balerdi bueltan

Duela hiru urte egin zuten Balerdi Balerdiren lehen berragerpena, Balerdi Erdi izenarekin. Toño Muro (ahotsa eta gitarra), Marino Goñi (baxua) eta Sergio Ibarrola Zaratrusta (bateria) izan ziren Balerdi Erdi haren protagonistak. Oraingoan, baina, Balerdi Balerdi izen osoarekin datoz, jatorrizko taldeko bi partaide bakarrik egon arren: Toño Muro eta Sergio Ibarrola Zaratustra. Karlos Ortiz gazteak hartu du baxua jotzeko ardura.

Balerdi Balerdi taldea pop indartsu edo power-pop estiloan kokatu izan da eta bi disko eta 10 haztebeteko binilo bat argitaratu zituzten sei urtean. Gaurko kontzertuan, disko haietako abestiez gain, Toño Muroren aurreko taldeetako abesti bana (Tocamas, Fuletamol, Motos eta Fiebre) eta Balerdi Balerdiren kanta berriak ere entzun ahal izango ditugu. Murok aitortu digunez, sei bat abesti berri egin dituzte eta diskoren bat grabatzea ere badute buruan. Kanta berrietan power-popa beste estilo batzuekin nahastu dute; ska doinuak ere entzungo dira.

Morau kantautorea

Andoni Tolosa Morau kantautore hernaniarrak folk-rock doinuak eskainiko ditu. 1996an argitaratu zuen Morauk lehen diskoa eta harrezkero ez da gelditu. Aspaldiko ezaguna dute Espaloian eta etxean moduan izango da, beraz.

Gaur, ekainak 1, 22:30ean hasiko da kontzertua Elgetako Espaloian. Sarrera 8 euro kostako da; 5 euro ordaindu beharko dute bazkideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak