Interesatuek kultura proiektu bat aurkeztu beharko dute; instalazioei emango dieten erabilera eta programazioa zehaztuko dira bertan. Edonola ere, ezinbestekoa izango da urtean hainbeste egunetan Antzokia erabiltzeko aukera ematea Udalari nahiz Herri Eskolari.
Kudeatzaileak bi diru-ekarpen garrantzitsu egin beharko ditu: lehena, 78 mila eurokoa, kontratua sinatzerako orduan kantitate hau itzuli egingo zaio lau urtetan-; eta bigarrena, 84 mila eurokoa, Antzokia kudeatzen hasi aurretik. Kontratua hamar urtekoa izango da, eta urte horietan guztietan hilero gutxienez 100 euroko kanona ordaindu beharko dio kudeatzaileak Udalari.
Aipatutakoak bete beharreko baldintzetako batzuk baino ez dira. Baldintza guztiak ezagutu nahi dituenak Elgetako Udalean eskura ditzake.
Epeak
Baldintza pleguen gaineko erreklamazioak aurkezteko epea zortzi egun naturalekoa da, gaurtik hasita. Eskaintzak aurkezteko epea, berriz, 26 egun naturalekoa izango da, gaurtik kontatzen hasita baita ere. Eskaintzak jasotzeko epea amaitu eta gutxira Udal ordezkariek aurkeztutako proposamenak aztertuko dituzte, Espaloia kafe antzokiko kudeatzailea nor izango den erabakitzeko.