Urtarrilean elikagaiak eta dirua batzen ibili ostean, aste honetan bertan amaitu da laguntza emateko epea eta Elgetan plangintza honek oso erantzun ona izan du. Hasieran uste zutena baino janari gehiago batu dute.
Oinarrizko jatekoak
Eskolara Komite Internazionalisten bitartez iritsi zen kanpainan parte hartzeko proposamena. Ikasleek ikastetxera bertara eraman dituzte jatekoak eta gainontzeko herritarrek, berriz, zenbait dendatan laga dituzte. Kanpaina hau bultzatu dutenen gomendioari jarraituz, batik bat azukrea, lekariak, zerealak, pasta, olioa eta atun latak jaso dituzte Elgetan.
Udalaren dirulaguntza
Jatekoekin ez ezik sahararrei diruz laguntzeko aukera ere eman zaie herritarrei. Udalean, esaterako, asteon egin den Osasun eta Gizarte Ongizatea Batzordeko bileran Kanpaina honetarako laguntza ekonomikoa emateko proposamena atera zuten mahai gainera. Proposatu zuten diru kopuruak orain Gobernu Batzordearen oniritzia jaso behar du asmo horretan aurrera egin ala ez erabakitzeko.
Jasotako janaria
Azukrea...........20 kg.
Arroza............45 kg.
Lekaleak..........40 kg.
Pasta.............15 kg.
Olioa.............20 l.
Atuna.............15 kg.