Puntaik Punta jaialdian izango da Harreman Denda

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mai. 8a, 12:25

Harreman Denda, Arrasaten.

Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna ospatuko du Harreman Dendak datorren zapatuan, maiatzaren 11n, eta kalera aterako dira, herritarrek eskuragarri izan ditzaten bidezko merkataritzaren inguruko informazioa eta produktuak.

Harreman Denda Lorabarri Azokan izango da Aramaion, baina batik bat Elgetan ospatuko den Puntaik Punta jaialdiko parte hartzea nabarmendu dute proiektuko kideek: maiatzaren 10ean, 11n eta 12an egingo da. "Debagoieneko jaialdia izanik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu azken honetan egotea. Munduaren eraikitzea gure herrietatik bertatik hasten da. Herritarrok badugu gauzak aldatzeko boterea. Justizian, berdintasunean eta denon ongizatean oinarritutako gizarte bat eraiki dezakegu". Haien arabera, "aukerak ugariak" dira eta bidezko merkataritza da horietako bat: "Kontsumismo basatiari eta enpresa transnazional handien irabazi goseei aurre egiten dion bidea, merkataritza beste era batera antolatzekoa".

Azaldu dutenez, bidezko merkataritzak aukera ematen du kontsumitzaileak ekoizleekin lotzeko, "prozesu eraldatzaileak bultzatuz eta herrialde pobretuetako milaka pertsonaren bizitzan eragin positiboa sortuz". Hala, "justizia eta berdintasunean oinarritutako merkatu estrategia baten bidez", dozenaka lagunek lan baldintza egokiak erdiesten dituztela nabarmendu dute, "ordainsari duin batekin, eta, horri esker, euren familiak elikatu eta ongizate komunitarioan parte hartuz". Era berean, erantsi dute herrialde aberatsetako herritarrek bidezko merkataritzaren alde eginez gero, "mundu justuago bat eraiki" daitekeela. "Pobrezia egoeran bizi diren pertsonei alternatiba eraginkorrak eskainiz, eta gure osasuna eta denon planeta zaintzen duten produktu ekologikoak kontsumituz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak