Gipuzkoa Bertsotan

Gazteak, baina ondo prestatuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko api. 19a, 15:12

Gipuzkoako bertsolaritza txapelketako sailkapen fasea abiatuko dute eguenean; eskualdeko Jon Mata, Haizea Arana, Oihana Arana, Aitor Tatiegi, Maider Arregi, Urko Arregi, Urko Egaña, Martin Berrizbeitia eta Ane Zuazubiskar daude lehiakideen artean.

Udazkenean hasiko da 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa –pandemiaren eraginez, urtebete geroago–; aurretik, baina, Gipuzkoa Bertsotan izena duen sailkapen fasea jokatuko dute, eguenean hasita. "Sailkapen fase soil bat baino gehiago da Gipuzkoa Bertsotan: 74 bertsolari, hamabost gai-jartzaile, zortzi epaile, antolakuntza lanetan hamaika lagun eta dozenaka bertso-eskola Gipuzkoako bertsolaritzaren ekosistema elikatzen", azaldu dute Gipuzkoako Bertsozale Elkartekoek.

50 urte dira aurten Gipuzkoako lehen bertso-eskola sortu zela, eta, antolatzaileen esanetan, urteurren horrek pisu handiagoa emango dio udaberriko faseari: "Leintz bailaran sortu zen, Joanito Akizuren, Xanti Iparragirreren eta Patxi Goikolearen ekimenez. Geroztik, ehunka izan dira herriz herri sortu diren bertso eskolak eta milaka handik pasatu diren ikasleak. Bertso-eskolak dira bertso-mugimenduaren oinarria, horiek gabe ez dago ulertzerik gaur egungo bertso-mugimendua eta mugimendu horren belaunaldiartekotasuna. Bertso-eskolek bezala, Gipuzkoako Txapelketak ere bertsolaritza sustatzea du helburu, eta, ondorioz, garrantzi berezia izango dute bertso-eskolek 2024ko edizioan".

Bi fasetan banatuta

34 txartel daude udazkeneko txapelketarako jokoan eta 74 bertsolari lehiatuko dira; horien artean, Debagoieneko bederatzi bertsolari. Bi itzulitara jokatuko dute Gipuzkoa Bertsotan eta hogei saio izango dira.

Eskualdeko bederatzi bertsolari

Jon Mata antzuolarrak hartuko du parte lehenengo saioan, eguenean, Eskoriatzako Zaldibar antzokian. "Estreinakoz hartuko dut parte, eta, gertukoen artean ikusten dudanarengatik, maila atzeragoan nago; hortaz, konpetentzia-sen horri dagokionez ez dut asmo finkorik, plaza berri baten esperientzia probatzera noa, ea zelan moldatzen naizen ikustera, pretentsio handi barik eta ondo pasatzeko gogoz".

Oñatiko bertso-eskolan jarduten du sarritan Antzuolakoak; hortaz, ondo ezagutzen ditu bertsolari txantxikuarrak. Horien artean dago aurten seigarren sailkapen fasea jokatuko duen Urko Egaña: "Behin bakarrik heldu naiz final zortzirenetara. Aurten zer egingo dudan ez dakit, baina asko ari naiz bidearekin gozatzen. Bertso-eskolan gogor eta pozik ari gara, eta etxeko-lanetan ere gogoz. Iruditzen zait aurtengo txapelketak ilusio berezia sortu didala".

Debagoieneko bertsolariak, Gipuzkoa Bertsotan ekimenaren aurkezpenean.

Oñatiko hiru bertsolari gehiago

"Gogotsu noa sailkapen fasera", dio aurten hirugarrenez parte hartuko duen Maider Arregi oñatiarrak, eta zera gaineratu du: "Aurreikuspen zehatzik barik, baina nire ikuspuntua erakusteko eta nire erara kantatzeko gogoz nago". Bigarren aldia du haren anaia Urkok: "Gogotsu nago; aukera polita da eta bertsotarako adin onean nagoela esango nuke. Lehenengoan baino prestatuago nagoela uste dut, eta gaiekiko iritzia landuago dudala ere bai. Hortaz, nire onena ematen saiatuko naiz, ahalik eta koherenteen kantatzeko asmoz".

Belaunaldi berekoa da Aitor Tatiegi; hain zuzen, bigarrenez izango da hura ere. "Oso gaztea nintzen aurrekoan, batxilergoko ikaslea nintzen. Ilusioarekin prestatu dut hastear dagoena, ez diot neure buruari lorpenei dagokienez helbururik jarri, baina aitzakia izan da niretzako ia sekula baino bertso-eskola gehiago egiteko, eta espero dut emaitzak etortzea hortik, txapelketan eta bertsotan egiteko gaitasunean edo samurtasunean".

Eskoriatzakoak, bigarrenez

Bertso-eskola ezberdinetakoak badira ere, gertuko lagunak dituzte Eskoriatzako Arana ahizpak. Belaunaldi berekoak izaki, bigarren aldia dute Haizea eta Oihana Aranak ere. "Bost urte zaharragoa naiz, eta urte hauetako esperientziak ez dira gutxi izan; beste leku batetik nator, beste ideia batzuk dauzkat, beste zerbait gorpuzten dut. Hala ere, ez nago nire onenean, neure burua zaintzen ari naiz eta ez dut bertsotarako tarte handirik hartu, baina gogoa daukat txapelketarako eta egin dezakedana ikusteko", dio Haizea Aranak, eta zera haren ahizpak: "Pretentsio handiegiak izatea ez da komenigarria izaten, baina lan handia egin dugu, eta lan hori erakustea da nire asmoa".

Berrizbeitia eta Zuazubiskar

Gipuzkoa Bertsotan ekimenean bigarrenez hartuko du parte Aretxabaletako Martin Berrizbeitiak ere: "Aurreikuspen handirik egiten ez naiz ausartzen; neure burua estutu, bertsotan pixka bat gehiago jardun eta prozesuarekin gozatzea da nire helburua, eta saio ona ateratzen bada, hainbat hobeto".

18 urte zituen estreinakoz txapelketan izena eman zuenean; hala, hirugarrena izango da Arrasateko Ane Zuazubiskarrendako. "Aurrekotik hona plazan eta arlo teknikoan egindakoa txapelketan ere igarri dadila nahiko nuke. Gustuko dut txapelketak berarekin dakarren estutzea, eta asmatu nahi nuke aurrekoetan bezala, estutze horretan gozatzen".

Olatz Zuazubiskar, gai-jartzaile

Osagai nagusi dira bertsolariak, baina ezin da gai-jartzaile barik txapelketarik ulertu. Bete-behar horretan estreinakoz eta "gogotsu" izango dela dio Olatz Zuazubiskar arrasatearrak: "Altzoko eta Antzuolako saioetan izango naiz. Arduratik bizi dut erronka, badirelako mila modu bertsogintzan aritzeko, eta txapelketa ardura kolektibotik bizitzeko aukera moduan sentitzen dudalako gai-jartzaile taldea".

Diskurtso berrien txapelketa

Parte-hartzaileen zerrendari begiratuta, argi ikusten da belaunaldi aldaketa datorrela, eta, Arrasateko gai-jartzailearen ustez, eragin egingo du horrek: "Diskurtso berriak datoz, eta horrekin batera aldatuko da Gipuzkoako txapelketa. Ez oholtzan bakarrik, baita bestelako lanetan ere. Gaztetu egin da gai-jartzaileen eta epaileen taldea ere, eta ez da kasualitatea gazte asko emakumezkoak izatea. Txapelketa luzea izango da, baina gustura ikusiko dut aldaketa hori bailarako ikuspuntutik".

Bide beretik doa haren ahizparen aurreikuspena: "Gipuzkoako bertso-eskoletan egiten den lana erakutsiko duen sariketa izango da. Diskurtsoan eta teknikan nahiko nuke txapelketa-ziklo honetako beste txapelketetan hasitako olatuari jarraitzea". Txapelketa ezberdina izatea espero duela dio Haizea Aranak: "Plaza den bezain anitza izatea gustatuko litzaidake. Gorputz eta diskurtso berriak oholtzaratzeko eta sozializatzeko esparru bezala ulertu nahiko nituzke txapelketak, ez hegemoniari men egiteko esparru gisa. Gipuzkoako bertsolaritza osasuntsu dago". Gaur egungo Gipuzkoako bertsogintzaren aniztasuna berretsi du Oihana Aranak ere: "Bertsolari asko aurkeztu gara, oso diferenteak, eta norberak bertsogintza ulertzeko bere modua du. Diskurtsoen arteko tentsioa espero dut, eta pozik nago, hori beti delako aberasgarria".

Txapelketak berrikuntza asko ekarriko dituela uste du Aitor Tatiegik ere: "Jendaurrera izen berriak aterako dira. Mugimendu politiko berri bat sartu da, eta horrek diskurtsoan eragingo duelakoan nago". Eskola bereko Maider eta Urko Arregik berretsi egin dute hori, hurrenez hurren: "Diskurtsoen arteko lehia izango da, txapelketa plaza bikaina delako norbere ideien bozgorailu gisa erabiltzeko. Espektatibaz betetako giroa sumatzen dut". "Proposamen oso ezberdinak egon daitezke, egoera politikoa zein den ikusita; nire posiziotik, ahalik eta ekarpen gehien egin nahi nuke. Egurra ematera goaz, ea debagoiendarrik agertzen den goiko postuetan, iruditzen zaidalako orokorrean gure bailara nahiko itzalpean geratzen dela".

Bertsosarrerak.eus atarian daude sarrerak eskuragarri.

Bertso saioen egutegia eta aretoak

  • Lehenengo itzulia:
    • Eskoriatza Apirilaren 25ean, 19:00etan, Zaldibar antzokian. Antzuolako Jon Matak kantatuko du.
    • Gabiria Apirilaren 26an, 19:00etan, kultura etxean. Oñatiko Aitor Tatiegi, Maider Arregi eta Urko Egaña izango dira.
    • Zestoa Apirilaren 26an, 19:00etan, kultura etxean. Eskoriatzako Haizea eta Oihana Arana izango dira.
    • Altzo Maiatzaren 2an, 19:00etan, kultura etxean.
    • Zaldibia Maiatzaren 2an, 19:00etan, kultura etxean.
    • Orio Maiatzaren 3an, 19:00etan, kultura etxean. Aretxabaletako Martin Berrizbeitiak hartuko du parte.
    • Legorreta Maiatzaren 3an, 19:00etan, Herri Antzokian. Arrasateko Ane Zuazubiskar izango da.
    • Getaria Maiatzaren 9an, 19:00etan, kultura etxean. Oñatiko Urko Egaña izango da
    • Idiazabal Maiatzaren 9an, 19:00etan, Guraso Elkartea aretoan
    • Mutriku Maiatzaren 10ean, 19:00etan, Zabiel kultura etxean.
    • Anoeta Maiatzaren 10ean, 19:00etan, Mikelasagasti auditoriumean.
    • Oñati Maiatzaren 17an, 19:00etan, Santa Ana antzokian.
  • Bigarren itzulia:
    • Antzuola Maiatzak 25.
    • Pasaia Maiatzak 25
    • Alegia Maiatzak 26.
    • Usurbil Maiatzak 26.
    • Ataun Ekainak 1.
    • Elgeta Ekainak 1.
    • Hernani Ekainak 2.
    • Soraluze Ekainak 2.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak