Pello Sarasua: "Arantzazuko frantziskotarrek herriarekin izandako lotura oso naturala izan da"

Txomin Madina Milikua 2024ko api. 18a, 14:18
Pello Sarasua, Arantzazun. Irudia: Txomin Madina.

Gaurtik hasita, asteburu osoan egongo da ikusgai, Oñatiko zineman, Arantzazulab-en ekimenez eta Arteman ekoiztetxearen parte-hartzearekin Arantzazuri eta bertako frantziskotarrei buruz Pello Sarasuak (Villabona, 1969) zuzendu duen ikus-entzunezkoa.

Puntua aldizkariaren 406. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Arantzazuri eta bertako frantziskotarrei buruz asko berba egin eta idatzi da, baina ez da hain ohikoa frantziskotarrei eurei ematea hitza. Horixe egin dute Pello Sarasuak zuzendu duen Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1 dokumentalean.

Nolatan Villabonako bat Arantzazuri buruzko dokumental bat zuzentzen?

Duela hamar urte inguru, Arantzazun egon nintzen lanean, Baketik-en. Garai hartan baneukan harremana frantziskotarrekin, eta gerora ere mantendu egin dut maila pertsonalean. 2021aren urte bukaeran Arantzazuko ondare ez-materiala ezagutzera nola eman hasi zen pentsatzen Arantzazulab, hori ere badelako haren zereginetako bat. Hala, pentsatu zuten frantziskotarrei sakoneko elkarrizketak egitea. Artemanekin harremanetan jarri ziren, eta norbaitek nire izena proposatu zuen. Izan ere, elkarrizketa luzeak eta sakonak izango baziren, nahi zuten haiekin gutxieneko konfiantza zuen norbait izatea. Horrela hasi zen nire parte- hartzea dokumentalean.

Zein da zuk zeuk Arantzazuren inguruan duzun lehen oroitzapena?

Askorik ere ez dut… Ez nago oso ziur, baina gogoratzen dut eskolatik joan nintzela umetan. Urbiara ere joaten nintzen, baina Arantzazu pasatzeko tokia zen; Arantzazu, benetan, oraintxe ezagutu dut, bertako bizilagunekin harremana izanda. Arantzazurekin badut sentipena joan askotan joaten naizela baina egon gutxi egoten naizela. Dokumentala egitea opari bat izan da; frantziskotarrekin orain arte hitz egin ez dudan gauzei buruz hitz egiteko aukera eman didalako.

"FRANTZISKOTARREK EUREK EUREN HITZETAN KONTATU AHAL IZAN DUTE EURENTZAT ZER DEN ARANTZAZU"

Zelakoa izan da dokumentala bera egiteko prozesua?

Ni 2022 hasieran sartu nintzen proiektuan, eta ordurako Arantzazulabek, Artemanek eta frantziskotarrek bazuten gutxi gorabeherako ideia bat: elkarrizketa sakon batzuk grabatzea. Arantzazuko eta Donostiako frantziskotarren koruetan grabatu genituen elkarrizketak; zazpi frantziskotarrekin, guztira. Landuko genituen gaiak, nolabait ere Arantzazu eta frantziskotarrak lotzen zituztenak, nahiko zehaztuta zeuden: kultura, espiritualtasuna, natura, literatura, artea… 2022ko martxorako egin genituen elkarrizketa horiek, baina gero erabaki genuen frantziskotarrekin edo Arantzazurekin harremana zuen beste jende batekin egindako elkarrizketekin osatzea. Dena jasota, hura gizarteratzeko moduen inguruan pentsatuta jarrita, dokumentala egiteko ideia sortu zen 2022ko udan. Gidoia lantzen ibili ginen, baita irudiak eta bestelako errekurtsoak hartzen ere; izan ere, Arantzazu isiltasuna ere bada, eta horretarako tarteak ere utzi gura genituen. Zailtasun bat baino gehiago ere izan ziren: batetik, 25 ordu inguru genituen grabatuta, eta hori ordu eta erdi ingurura laburtzera zaila egiten zitzaidan; bestetik, niretzat oso garrantzitsua zen frantziskotarrak kontatzen zen horrekin identifikatuta sentitzea. 2023ko urrirako bukatuta genuen, eta azaroan Zinebi jaialdian aurkeztu genuen.

Dokumentalak bi ikuspuntu batzen ditu: barrukoa eta kanpokoa. Barrukoa ezagutu izan dugu orain arte?

Gertukoek bai, baina, esan bezala, askorentzat Arantzazu pasoko lekua da eta frantziskotarren inguruan duten irudia da komentu batean, elizkizunetan… Erlijio kontuei lotuta. Baina barruko bizitza hori askok ez dute ezagutzen: zergatik diren frantziskotarrak; ikuspegi erlijiosotik harago frantziskotar izanda daramaten bizimodua… Gaur egun, bizipen horiek ulertzea zaila da. Hori kontatu nahi genuen, haiek direlako protagonista; hor dago dokumentalaren berrikuntza: frantziskotarrek eurek euren hitzetan kontatu ahal izan dutela eurentzat zer den Arantzazu. Ulertu behar dugu baita ere zergatik eta nola lotzen den herrigintza bizitza erlijiosoarekin, Luis Villasante nola heldu zen Euskaltzaindiko bultzatzaile izatera, edo Nikolas Segurolak nola egin duen artzaintzaren munduan egindako lan guztia. Gainera, anaidia ez da komentura mugatzen; bizitza arnasa duen guztira zabaltzen da. Horrela ulertzen da herriarekin duten harremana; herritarrentzat ere ez dira frantziskotarrak, Arantzazuko fraideak baizik. Dokumentalaren bigarren zatian, herriari egin dioten ekarpen soziala, kulturala… sartzen da, era hor parte hartzen dute hainbat esparrutatik frantziskotarrekin harremana izan dutenak; gehienetan, herrigintzatik.

Bada zeuri bereziki deigarria egin zaizun ezer?

Gauza berriak aurkitzea kosta egiten da. Baina badugu Arantzazu euskaltzalea izan den irudia, eta hor dago mugarri moduan 1968an Euskaltzaindiko batzarra egin izana, non euskara batuaren aldeko apustua egin zen Euskaltzaindiaren beraren barruko gatazkekin. Euskararen ikur moduan hartzen da Arantzazu, baina niri harrigarria iruditu zitzaidan barruko bizitzan, 1990eko hamarkada hasierara arte, euskara gatazka bat edo arantza bat izan zela. Ospakizunak ez ziren euskaraz egiten: garai batean, latinez ziren, eta Vatikanoko II. kontzilioaren ostean hizkuntza bat aukeratu behar izan zenean, gaztelera aukeratu zuten euskararen partez. Banekien hori gertatu zela, baina ez nuen uste hain berandura arte iraun zuenik. Artzaintzari dagokionez, frantziskotarrei, batez ere, Nikolas Segurolari, eskertu behar diegu Idiazabalgo gazta eta ardi latxa gaur egun direna izatea. Hori askok ez dute frantziskotarrekin lotuko.

Lorea Agirre, Jon Sarasua, Miguel Angel Alonso del Val, Miren Elgarresta eta Xabier Euzkitze agertzen dira, besteak beste, dokumentalean; zeren arabera aukeratu dituzue?

"ARANTZAZU BARRUKO BIZITZAN EUSKARA GATAZKA BAT IZAN ZEN 90EKO HAMARKADA HASIERA ARTE"

Hasieran izen asko zeuden, frantziskotarrekin arlo askotako jende askok izan duelako harremana. Urtarrilean izan zen Nikolas Segurolaren hiletan zegoen jendea ikusita, pentsatu nuen: "Nork du hainbeste jende ezberdin elkartzeko gaitasuna?". Dokumentalean lantzen diren gaiek bideratu dute nor elkarrizketatu. Arteaz eta berrikuntzaz hitz egiteko, esaterako, Miguel Angel Alonso del Val arkitekto ezaguna sartu behar genuen. Azken urteetan doluaz eta beharren dauden pertsonen inguruan lanketa bat egiteko apustua egin da Arantzazun, eta hor Izaskun Andonegirengana jo dugu; euskarari buruz, Jakin aldizkariko Lorea Agirrerengana… Xabier Euzkitzek, adibidez, harreman estua zuen Segurolarekin, eta Miren Elgarrestak ere bai, berez albaitaria delako. Erakutsi nahi izan dugu frantziskotarrek herriarekin izandako lotura oso naturala izan dela; ez erlijiotik bakarrik, herrigintzatik baizik.

 

Izen horiez gain, EITBren eta Berria-ren babesa ere badu dokumentalak; lantzen den gaia Arantzazu izan ez balitz, lortuko zen hainbeste ahots eta eragile batzea?

Hilabete hauetan konturatu naiz jende gehienak duela bizipenen bat Arantzazurekin. Kazetariren batekin ere gertatu izan zait elkarrizketa bukatu eta hura hastea Arantzazuri buruz berbetan: "Ni amonarekin joaten nintzen, eta gaur ere bada urtean behin joan beharreko lekua...". Toki enblematikoa da eta dokumentala ere horrela hasten dugu, jendeari galdetuz zer den beretzat Arantzazu. Erantzunak askotarikoak dira eta ikuspegi laikotik erantzuten dutenek ere lotzen dute lasaitasunarekin, isiltasunarekin, norbere buruarekin topatzearekin. Arantzazu leku ireki bat da, zeinetan natura, kultura eta espiritualtasuna topatzen diren: igande batean joanez gero, mendira, mezara edo egun-pasa, artea ikustera doan jendea topatuko duzu. Topalekua da, baita bila dabiltzan pertsonentzat tokia ere. Ez dakit beste leku batek izango lukeen horrelako harrerarik edo babesik.

Izenburuko 36 zentimetroek jatorriari, Ama Birjinari, egiten diote erreferentzia; gaur egun, erlijioak zenbateraino du garrantzia Arantzazuz hitz egiterakoan?

Arantzazuk Ama Birjinari eskainitako santutegi bat izaten jarraitzen du, batez ere, eta hori asko azpimarratzen dute frantziskotarrek. Bada turismo leku bat, edo mendira joateko leku bat; baina, batez ere, erlijioarekin lotutako tokia izan da 500 urtean, eta horrelaxe izaten jarraitzen du.

Imajinatu daiteke egungo Euskal Herria Arantzazu gabe?

Seguru aski, ezberdina izango litzateke. Ez dakit gauzak zenbateraino magnifikatu behar diren, baina Arantzazuk ekarpen garrantzitsua egin dio Euskal Herriari. Sinopsian esaten dugu Euskal Herria ezberdina izango litzatekeela Arantzazu gabe, eta Arantzazu ere bai herria gabe. Eta hori egia da; Arantzazu bere krisi momentuetan aurrera atera da herritarrak hor egon direlako; ez ekarpen ekonomikoak eginaz bakarrik, babes bat ere jaso duelako. Euskara edo Idiazabalgo gazta izango genituzke Arantzazu gabe? Agian bai, baina gakoa izan da horietan Arantzazu.

"EZ BADA EZER EGITEN, ARRISKUA DAGO ARANTZAZU TURISMO-GUNE HUTS BIHURTZEKO"

Iñaki Beristain, Pello Zabala, Nikolas Segurola...; erreferente izan diren frantziskotarrak gure artean ez egoteak zenbateraino eragingo du Arantzazun?

Zalantza barik, izango du eragina. Dokumentalaren azken zatian ere hitz egiten da aldaketa horiez guztiez: erlijioarenaz, komentuenaz… Etorkizunaren inguruko erantzun garbirik ez dago. Eurek ere esaten dute frantziskotarrekin edo gabe Arantzazu hor egongo dela. Nolakoa izango den? Horixe da argitzeke dagoena. Momentu honetan hemezortzi inguru dira Arantzazun dauden frantziskotarrak, baina ez daukate duela 30-40 urte zuten indarrik herrigintza edo kanporako lanak egiteko.

Eta zenbat du oraindik ere emateko Arantzazuk?

Hori da galdera. Momentu honetan badago Arantzazuko Adiskideen Elkartea, baina bazkideak ere adineko jendea dira. Frantziskotarrek euren arrastoa uzten jarraitu ahal izateko hausnarketan daude murgilduta. Nik uste dut Arantzazuk leku berezia izaten jarraitzen duela, eta saiatu beharra dagoela, nolabait ere, alderdi espiritual hori mantentzeko. Ez bada ezer ere egiten, arriskua dago Arantzazu parke tematiko edo turismo-gune huts bihurtzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak