Ez dago urrutira joan beharrik oporretan

Hasier Larrea 2024ko mar. 27a, 11:51

Udaberriko jaiegunak gainean daude, eta Mankomunitateko Turismo Sailetik zein bailarako udal zerbitzuetatik aisialdirako eta tokiko ondarea hobeto ezagutzeko hainbat proposamen egin dituzte, bertakoei eta kanpotik etorriko direnei begira.

Datozen jaiegunok aproposak izan ohi dira Debagoienean dauden altxorrak ezagutarazteko. Etxean geratzen diren bailarako herritarrei ere interesatuko zaie, ziurrenik. Hona hemen programatuta dauden taldekako hitzordu turistikoak.

Orientazio jolasak

Arantzazuko Parketxean familia giroan eta modu ludikoan egiteko orientazio jolasa prestatu dute, inguruko interesguneak deskubritzeko, bide batez. Ibilbide irisgarrian barrena altxor galduen bila joatean datza jokoa: "Ekintza horietan orientazio-oinarri batzuk ulertu eta barneratuko dituzte parte-hartzaileek, gero baliagarri izango zaizkienak pista eta arrasto batzuei jarraiki ibilbideak egiteko; eta, zenbait kasutan, altxorra eskuratzeko", azaldu dute Parketxetik. Ekimenok martxoaren 28tik 31ra bitartean izango dira, 10:30ean hasita. Izena emateko, deitu 943-78 28 94 edo 699 33 51 88 telefono-zenbakietara edota arantzazu@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi.

Artzain egun batez

Kanal berberetatik eman daiteke izena Gomiztegi artzain eskolan antolatu duten ekintza berezirako. Martxoaren 30ean, zapatua, lau jarduera kateatuko dituzte, 10:30ean hasita. Hasteko, Parketxetik Gomiztegi baserri eta eskolarako bidexka hartuko dute oinez, eta Arantzazu auzoarekin zerikusia duten gaiak jorratuta. Behin helmugara iritsita, bisita gidatu baten bidez ezagutuko dute bisitariek gunearen jatorria eta funtzionamendua. Ondoren, instalazioetara joango dira, gazta nola egiten den azaltzen duen diaporama eta bertako artzain baten eta bere txakurraren erakustaldia ikustera. Amaitzeko, eskolan bertan egindako gazten dastaketa egingo dute.

Familian zein lagun artean egiteko plan horrek hiru ordu iraungo du eta azalpenak gazteleraz emango dituzte gidariek.

Ondare aberatsa

Oñatin jarraituta, turismoa egiteko aukera gehiago egongo dira, bai herrigunean, eta baita landa eremuan ere. Turismo Bulegoa zabalik egongo da goizez eta arratsaldez, eta, ordutegi horren barruan, Erdi Aroko San Migel Errotaren nondik norakoen berri izan ahalko dute interesa erakusten dutenek.

Bestelako bisita gidatuak ere eskainiko dituzte, aurrez 943-78 34 53ra deitu eta erreserba eginda. Esaterako, Oñatiko Unibertsitatera eta San Miguel parrokiara joango dira datozen bost egunetan, egunero, 13:00etan. Arantzazu Santutegirako bisitak, bestalde, egunero egin ahal izango dira, goizez eta arratsaldez, hemendik eta apirilaren 7ra arte, aurrez 943-79 64 63ra deituta. Gainera, Oñati-Arantzazu autobus-linea erabilgarri egongo da aste honetako ostegun, ostiral, igande eta astelehenean, udako ordutegian (Ikus oñatiturismo.eus-en).

San Migel parrokia.

Eta kobazuloetan murgildu nahi dutenek Arrikrutzeko koban aseko dute kuriositatea. Egun gorrietan eta apirileko lehen asteburuan egingo dituzte bisita gidatuak. Adin guztietara egokitutako irteerak egiten dituzte, Espeleotxiki jarduera horretarako baitago diseinatuta. Gehiago jakiteko, deitu 943-08 20 00ra edo idatzi arrikrutz@onati.eus-era.

Txokolateixia ere topera ibiliko da egunotan; ekintzen artean, hilaren 30eko Kakaoaren bidea bideo emanaldia nabarmentzen da, 12:00etan hasiko dena.

DEBAGOIENEKO TXOKOETAKO HISTORIA ETA NATURA EZAGUTZEKO PLAN UGARI DAUDE

Gatz Museoa

Azukretik gatzera salto eginda, Leintz Gatzagako museoan hain garrantzitsua izan den osagaia nola lantzen zuten azalduko dute jaiegun guztietan. Euskarazko saioak 12:00etan izango dira eta gaztelerazkoak, 13:00etan. Egin erreserba 943-71 47 92 zenbakian edota reservas@gatzmuseoa.com-en.

Elgetan lubakiak

Elgetako Espaloia antzokian dagoen Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroan, 36ko gerrak Euskal Herrian izandako xehetasunen inguruko erakusketa dago zabalik. Bada, gaian sakontzeko saioak ere eskainiko dituzte ostiral eta zapatu honetan, 10:30ean –izena emateko, deitu Debagoieneko Turismo Sailera–.

Bergarako bitxiak

Egunero zabalduko duten Laboratorium museotik kudeatuko dituzte bertako bisita gidatuak, baita hiri monumentalari eta lorategi historikoei buruzkoak. Larunbatetarako 11:00etan eta 12:00etan programatu dituzte eta gainontzeko egunetarako, 11:30ean. Erreserbak 943 76 90 03 zenbakian eta laboratorium@bergara.eus-en egin daitezke.

Arrasateren hiru aurpegi

Hiribildua, industria-ondarea eta mendi irteera gidatua antolatu dituzte udaberriko oporretarako Arrasaten. Hala, lehenengo gaia martxoaren 28an eta 29an izango dute hizpide, 11:00etan gazteleraz eta 12:15 euskaraz. Herriko industria jorratzeko saioa martxoaren 30ean izango da, 11:00etan gazteleraz eta 12:15ean euskaraz. Mendi-ibilaldia, berriz, Meatzerreka, Udala eta Garagartza artean egingo dute, martxoaren 31n, 09:00etan. Izen-emateak BAZen egin daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak