Manex Agirre: "Eroso eta indartsu sentitu nintzen finalean kantuan"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko mar. 22a, 14:18

Aroa Arrizubieta gasteiztarrarekin buruz burukoa jokatuta, bigarren postuan geratu zen Agirre. "Pozik" dago egindako lanarekin, txapelketetatik erretiroa hartu badu ere.

Birritan irabazi du aramaioarrak Arabako Bertsolaritza Txapelketa, 2011n eta 2015ean; hirugarrena gertu izan duen arren, "lasai eta gustura" dago.

Finaletik egun batzuk pasatuta, ze sentsazio dituzu?

Gauza batzuk lasaitu egin dira eta beste gauza batzuk lasaitzeko oraindik denbora beharko da, baina, orokorrean, pozik nago; lasai eta harro ere bai txapelketan egindako guztiarekin.

Zer esaten dizute kalean?

Mezu nagusia zorionak emateko da. Oso eskertuta eta hunkituta nago horrekin. Oso maitatua sentitu naiz, gertuko zein ez hain gertukoekin ere, eta hori oso ederra da.

Aroa Arrizubieta eta Manex Agirre bertsolariak Buruz-burukoa jokatzen.

Ze balorazio egiten duzu txapelketako zure lanari dagokionez?

Bi planotan baloratzen dugu txapelketa: pertsonalean eta kolektiboan. Plano kolektibotik hasita, txapelketa potentea izan da, hasieratik oso indartsu hasi dena. Garai batean finalista finkotzat edo erdi-finkotzat ginenok tentsioz bizitakoa ere bai, eta horrek esan gura du finalera pasatzeko uste baino zailagoa izan dugula, eta hori ona da, noski, gero eta hautagai gehiago dauden seinale. Arlo pertsonalari dagokionez, pozik nago, tentsio hori kudeatzen ondo jakin dudalako. Finalerdien aurretik ez nuen ondo pasatu, kanpoan geratzeko arrisku handia ikusten nuen, baina finalerdietan saio txukuna egin ondoren lasaitu egin nintzen. Eta finalarekin oso gustura, zauri txiki horrekin bada ere.

Egin zenuen potoarengatik ari zara?

Hori da, bai. Oso gustura eta eroso kantatu nuen hasieratik, oso indartsu sentitu nintzen, eta azkeneko erremate hori falta izan zen. Ez diot buelta askorik eman. Orain dela bi urte ere gauza bera gertatu zitzaidan; ematen du marka pertsonala dela, min ematen badu ere [Barre]. Orduan ez nuen ondo pasatu, baina oraingoan, berriz, ez diot horrenbesteko garrantzirik eman; beste guztiari garrantzia ematen ikasi dut, beste guztia asko da eta!

Txapelketan zehar letra larriz eta bihotzetik aipatzen zenuen Aroa Arrizubieta; pozik zaude txapela eskuratu duelako?

Arabako bertso mugimendua jarraitzen dutenak ez ziren harrituko Aroa finalean ikusteagatik. Bertsolari sendoa da, oso txukuna, oso originala, oso intentsua eta indartsua. Plano kolektiboan baloratuta, lekukoa pasatzeak harrotasuna ematen du. Ni baino kasik 20 urte baino gazteagoa den neska batek irabazteak poza ematen du.

Peru Abarrategi, Manex Agirre eta Paula Amilburu Aramaioko bertsolariak.

Zer diozu Paula Amilburuk eta Peru Abarrategik egindakoaz?

Loreak besterik ez Amilbururentzako; terriblea izan zen egin zuen finala, eta, hura ezagututa, terribleago. Pribilegioa da oholtzaren gainean harekin bertsotan egitea. Saioa amaitutakoan, Peruk zioen "korrekto" egin zuela bertsotan, eta hori zen haren mina. Peruk ez du akatsik egiten bertsotan, bete-lanetan oso ona da, baina, akaso, berezkoa duen txispatxoa falta izan zitzaion egun hartan.

Finaletik kanpo geratu zen Xabi Igoarekin gogoratu zinen agurrean.

Min eman zuen finalera ez pasatzeak, eta hari keinu bat egi- tea derrigorrezkoa zen niretzako, oso gertukoa dudalako; aurrera begira ibilbide luzea duela aurreikusten diot.

Txapelketetatik erretiratuko zarela ere agurrean esan zenuen.

Erabakia aspaldi hartuta nuen arren, ez nuen aurtengoa bukatu aurretik ezer esan gura, ez nuelako neure burua ezta ingurukoak ere baldintzatu gura. Ez nuen amestuko halako erretiro on bat. Oso elegantea izan zela esan dit jendeak, eta asko hunkitzen nau horrek. Bertso-eskolan jarraituko dut eta deitzen didaten plazetara gustura joango naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak