Itzuliko bi etapa, Debagoienetik

Xabier Urtzelai 2024ko mar. 20a, 17:28
Omar Fraile, duela bi urte, Gorla jaitsi berritan Bergarako kaleetan tropeletik tiraka.

Apirilaren 1etik 6ra jokatuko dute Euskal Herriko Itzulia, eta laugarren eta seigarren etapetan ziklistak bailaratik pasako dira. Laugarren etapan, gainera, Suñako eta Gatzagako maldak erabakigarriak izan daitezke.

Aurten ere World Tourreko talde onenak batuko ditu Irunen hasi eta Eibarren amaituko duten Euskal Herriko Itzuliak. Gainera, Debagoieneko ziklismo zaleek bertatik bertara jarraitu ahal izango dute lasterketa laugarren –apirilak 4– eta seigarren –apirilak 6– etapetan tropela Debagoienetik pasako delako. 

Apirilaren 4an ziklistek Etxarri Aranatzen hasiko dute etapa (159), eta ziklistak Oletatik (16:20) Kurtzetara igo ostean sartuko dira bailarara. Aramaiotik Arrasaterako bidea hartuko dute ziklistek, baina Gesalibarrera iritsi aurretik Untzillarako (16:40) bidea hartuko dute, alegia, Suñako bidegurutzean eskumatara egingo dute. Min egin dezaketen bi kilometro gogor izango dituzte hor, eta Aretxabaletara jaitsita, ziklistek Gatzagarako (17:05) bidea hartuko dute –Marulandan tarteko esprinta izango dute–. Etapa Legution amaituko da, eta tropeleko gizon azkarren menpe geratu nahi ez dutenek Suñan edo Gatzagan saiatu beharko dira aurrera egiten.

Apirilaren 6koa, klasikoa

Itzuliko azken etapa, berriz, oso menditsua izango da, dagoeneko klasiko bilakatu den Eibar-Eibar etaparekin. Oraingoan helmuga ez da Arraten egongo, baina ziklistek Azurki, Gorla –Elosutik–, Krabelin, Trabakua, Izua eta Urkaregi igoko dituzte, mendatez betetako etapa, horrenbestez. Gorlako gainetik 15:10 inguruan pasako dira, eta 8 minutu geroago zeharkatuko dituzte Bergarako kaleak, Mekolaldetik Soraluzeko bidea hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak