Sektore publikoko grebak jarraipen handia izan du bailaran

Julen Murua Mesonero 2024ko mar. 12a, 16:56

ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek grebara deitu dute gaur Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoan eta deialdi honek eragina izan du Debagoieneko hainbat zerbitzu eta alorretan ere. Ikasturteko hirugarren greba eguna izan da gaurkoa eta egoera ez dela aldatu salatu dute.

Arrasateko, Oñatiko, Bergarako, Elgetako eta Leintz Gatzagako udal zerbitzuetako zenbait langilek bat egin dute grebarekin, baina, hala ere, gutxieneko zerbitzuak eskaini dituzte hainbat alorretan. Oñatin, esaterako, HAZ bulegoan eta udaltzaingoan zerbitzu minimoak izan dira; kultur etxea eta Zubikoa kiroldegia, berriz, itxita. Arrasateri dagokionez, zabalik daude BAZ, Euskaltegia eta Hilerria; itxita aldiz, Kiroldegiak, Liburutegia, Amaia Antzokia, Emakume Txokoa eta Gazte Bulegoa. Elgetan ere liburutegiak ez ditu ateak zabalduko gaur. Gainerako udalei dagokienez ez dute lanuzteekin bat egin eta normaltasunez dihardute.

Eskola publikoan eragina

Bailarako eskola publikoetan ere izan du eragina grebak: Bergarako San Martin Agirre eskolan eta Ipintza institutuan, Antzuolako, Elgetako eta Aramaioko Herri Eskoletan, Arrasate Institutuan, Aretxabaletako Kurtzebarri institutuan eta Eskoriatzako Luis Ezeiza herri eskolan. Jarraipena %50etik gorakoa izan da gainera, bi kasuetan izan ezik. Aldiz, Aretxabaletako Kurtzebarri eskolan ez dute grebarik egin eta Lanbide Eskolan ere normaltasuna izan da nagusi. Sindikatuetatik salatu nahi izan dute Osakidetzako gutxieneko zerbitzuek baldintzatu egin dutela bertako grebaren jarraipena.

Jarraipen handiko greba

Goizean manifestazioak egin dituzte Euskal Antonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan sektorean hobekuntzak eskatzeko. Sindikatuen arabera, langile publikoen grebak aurrekoek baino jarraipen handiagoa izan du. Jaurlaritzatik Bingen Zupiria bozeramaileak erantzun du esanez grebara deitzeko erabilitako argudio batzuk ez direla egiazkoak; besteak beste, zerbitzu publikoak pribatizatzen ari direla edota langile publikoen lan baldintza okerrera egin dutela. Gainera, elkartasuna adierazi die lanuzteen ondorioak nabaritu dituztenei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak