Desgaitasuna ez dute oztopo lan egiteko

Mireia Bikuña Madrid 2024ko mar. 5a, 14:32

Gureak enpresaren datuen arabera, 2023an 458 pertsonak ziharduten lanean Debagoienean –278 gizonezkoak eta 180 emakumezkoak–, Gureak enpresaren laguntzarekin. Horietatik, 396k zuten desgaitasunen bat. Gehiengoak, desgaitasun intelektuala –164–.

Puntua aldizkariaren 402. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Desgaitasunen bat duten eta enplegua duten pertsonen ehuneko handiena duen bigarren erkidegoa da Euskal Autonomia Erkidegoa, %43,2rekin, Adecco Fundazioak publikatu duen txosten baten arabera. Errioxa bakarrik dago aurretik, %44,5ekin. Txosten horretan zehazten da 2022an desgaitasunen bat zuten 538.171 pertsona zebiltzala lanean Espainiako Estatuan. Inoizko zifrarik onena, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. Kopuru handi horren barruan sartzen dira ondorengo lerroetan protagonista diren debagoiendarrak: Gorka Ajuria, Eñaut Uriarte, Nerea Rodero, Josean Carmona, Edurne Ugarte eta Fernando Gorostiza.

Atzegi eta Gureak

Gipuzkoan Atzegi elkartea da desgaitasun intelektuala duten pertsonen alde lan egiten duena. Familia talde batek sortu zuen, 1960an, desgaitasun intelektuala duten pertsonen eskubideen alde lan egiteko. Desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, topagune bat eskainiz eta ingurune lagunkoi bat sustatuz; hori jartzen du Atzegiren webgunean. Bide horretan, 1975ean sortu zen, Atzegiren baitan, Gureak taldea, desgaitasuna zuten pertsona haiendako lan-aukera egonkorrak sortzeko eta kudeatzeko. Egun, 6.000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute talde hori: %84k desgaitasunen bat dute. Erdia baino gehiago adimen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak dira; hau da, lana aurkitzeko zailtasun gehien dituzten pertsonak: zehazki, %57. Industriaren, zerbitzuen eta marketinaren sektoreetan egiten dute lan.

Debagoienean, 458

2023ko datuak eskuetan, 458 pertsona dira Gureak-en bitartez Debagoienean lanean dihardutenak –278 gizonezkoak eta 180 emakumezkoak–: Gureak Lanean, Marketinen, Zerbitzugunean, Gureak Berdean, Garbitasunean, Zerbitzu Anitzetan eta Gureak Araban. Horietatik 357 enpleguan daude eta 101, zerbitzu okupazionalean. 458 pertsona horietatik 396k dute desgaitasunen bat: 164k desgaitasun intelektuala, 110ek desgaitasun fisikoa, 105ek gaixotasun mentala eta hamazazpik desgaitasun sentsoriala.

Prestaketa pertsonalizatuak

Gureak-en bitartez laneratzen diren pertsonak lau alorretara bideratzen dituzte: industriara, zerbitzuetara, marketinera eta Itineraryra. Azken horretan, pertsonen ibilbideak diseinatzen dituzte, pertsona bakoitzaren ahalmenak sustatu eta aukera onenak bilatzeko helburuarekin. Prestakuntza, egokitzapena, laguntza indibidualizatuak eta sareko lanak dira ibilbide pertsonalizatuak egiteko lau zutabeak. Gureak-en filosofia hauxe da: Prestatu eta ondoren hautatu. Horretarako, egokitzapenak egiten ditu lanaren antolaketan, pertsona bakoitzarentzat eskuragarri eta egokituak diren benetako lan-aukerak sortzeko eta mantentzeko.

Eñaut Uriarte: "Kalean lan egitea gozamena da"

Eñaut Uriartek (Bergara, 1973) posta banatzen du azken hamalau urteetan. Egun, Debagoieneko hainbat herritan ibiltzen da. "Banatu beharreko gutunak zonaka antolatzen ditugu, eta ostean, nik banatu behar ditudanak hartu eta banaketarekin hasten naiz. Kaleka, atarika, auzoka... Une honetan, Bergarako Bolua auzoko banaketa egiten nabil", kontatu du Uriartek. Primeran ezagutzen ditu bailarako herriak, eta bereziki lan handia eskatzen dute Bergarak eta Oñatik. Zabaleraz handienak direlako. Bada, Uriartek baditu trikimailu batzuk gutunak dagokien lekura hel daitezen. "Urteekin jendea ezagutzen duzu, eta badakizu non utz dezakezun etxean edo negozioan ez dagoen pertsona baten gutuna; batez ere, baserri-auzoetan utzi behar diren gutunen kasuan. Beti dago aukera kaleko lekuren baten lagatzeko", dio.

Kalean lan egitea

Alderdi on asko ditu postari lanak Uriarterendako: herritarrekin duen harremana, lekuak ezagutzeko eta, bereziki, kalean lan egiteko aukera izatea. "Gozamena da kaleko lana, eta oso esker onekoa. Ez nuke ezerekin aldatuko. Pozik nago egiten dudanarekin".

Edurne Ugarte: "Bezeroarekiko tratua izan da onena"

Gaur, martxoak 1, hartuko du erretiroa Edurne Ugartek (Bergara, 1963), baina azken egunera arte egon da Oñatiko sarreran dagoen Gureak-eko gasolindegian lanean. Hango lantaldeko emakume bakarra izan da, baina ez da arazoa izan harendako. Gasolindegiak dituen zerbitzu guztietan egin du lan. "Oñatikoa gasolindegi txikia da eta denetarik egin behar izaten dugu: deposituak bete, kobratu, denda txikia zaindu, garbiketa-trena zaindu... Gunea garbi egon dadin arduratzen gara. Gasolinarekin lan eginda, badirudi lan zikina dela, baina esker onekoa da; batez ere, bezeroekin dugun harremanagatik. Horietako asko bezero finkoak dira. Batzuk gasolindegia ireki genuenetik ezagutzen ditut, duela hamasei urtetik", esan du Ugartek.

Bezeroen aurreko lana

Gureak-eko Oñatiko gasolindegian autoen deposituak betetzeaz gain, ogia erostera joaten dira herritarrak. Olioa, Valentziako laranjak... Horiek ere saltzen dituzte han. Bezeroaren aurrean lan egiteko aukera eman izan dio Ugarteri. Batzuetan, bezeroak berak betetzen du depositua, baina beste askotan, Ugartek eta bere lankideek egiten dute lan hori: "Batera edo bestera, zuzeneko tratua izan da lan honetako onena; gustura egon naiz".

Josean Carmona eta Fernando Gorostiza: "Kate bateko lana ez genuke jasango"

Fernando Gorostizak (Gasteiz, 1964) eta Josean Carmonak (Arrasate, 1986) elkarrekin egin dituzte azken hamalau urteak. 2010eko martxoaren 1ean hasi ziren Arrasateko brigadan lanean, Gureak-ek bideratuta. Euren ardura nagusia da Santa Barbarako parkea, Monterron eta Santa Barbara mendia zaintzea. Loreak, landareak, zuhaitzak, belarra... txukun daudela ziurtatu eta behar dituzten zainketak egin. Euren artean antolatzen dute eguna. "Egun bakoitzean ditugunak zehaztu, eta lanak banatzen ditugu. Gaur, adibidez, Santa Barbaran ibili gara belarra mozten. Garbiketa lanak ere egiten ditugu. Lan handia egoten da zuhaitzek hostoak galtzen dituztenean", azaldu du Carmonak. Eta ez dute lan makala. Izan ere, Monterron eta Santa Barbara parkeak dira Arrasateko parke ederrenetako bi. "Zainketa ezberdina behar duten espezie asko daude bietan. Jende asko ibiltzen da horietan, eta garbi eta polit egotea komeni da. Hamalau urte daramatzagu lan berbera egiten, eta erakutsi dugu Gureak-eko kideok gai garela halako lana egiteko", gaineratu du Gorostizak.

"Oso aberasgarria"

Gorostiza Eibarko brigada bateko buru zen; hura desagertu eta Arrasatera heldu zenean Carmona batu zitzaion brigadara. Bientzako izan zen lorezaintzako lanekin lehen kontaktua. "Nire lan-etorkizuna irudikatzen nuenean, ez nuen pentsatu lorezain izango nintzenik. Ezta ametsetan ere. Baina, egia esan, lan hau gustatzen zait. Batez ere, bestela ezagutuko ez nituzkeen gauzak ikasi ditudalako. Gainera, asko baloratzen dut aire zabalean lan egin ahal izatea, horrek dakarren guztiarekin: euria, hotza, beroa... Ez nituzke zortzi ordu iraungo kate batean, beti pieza berberak eginez".

Gainera, biek asko baloratzen dute jendearekin duten tratua. "Jende asko ibiltzen den parkeak dira, paseoan eta. Batzuetan, landare edo zuhaitz batzuk zaintzeko moduari buruzko kontsultak egiten dizkigute herritarrek. Egoera bitxia izaten da, baina hamalau urteko eskarmentua ere badugu eta... Beti esaten dugu oso aberasgarria den lanbidea daukagula", azpimarratu dute.

Aisialdian

Arrasateko lorezainak bai, baina etxean ez dute landarerik. Aisialdian beste gauza batzuk egiten dituzte, belarra mozteko eta sasi-garbitzeko makinetatik urrun. "Ez gara oso originalak aisialdian. Etxeko kontuak, lagunak, familia, kuadrilla... Atseden hartzeko, deskonektatzeko eta gustatzen zaizkigun gauzak egiteko aprobetxatzen dugu denbora librea", esan dute, barrez.

Gorka Ajuria: "Lehen egunetik integratuta sentitu naiz".

Gorka Ajuriak (Arrasate, 1989) ondo baino hobeto ezagutzen du Mondragon Unibertsitateko campusa. Sei urte daramatza han askotariko lanak egiten: ondo birziklatzen dela ziurtatu, zaborrontziak zaindu, liburutegiko liburuei banda magnetikoa eta barra-kodea ipini, biltegira heltzen den materiala banatu... Astelehenetik egubakoitzera egiten du lan, egunean sei orduz. Zirrikitu guztiak ezagutzen ditu. "Bereziki biltegira iritsi den materiala banatu behar dudanean, ondo pentsatzen dut zer ibilbide egin behar dudan, ahalik eta ondoen egiteko. Hamaika eraikin ditugu eta batzuk nahiko urrun daude", esan du.

Aisialdirako askatasuna

Ondo ezagutzen du ordutegia. Egun bakoitzean zer eta nola egin behar duen. Hara eta hona ibiltzen da, eta horrek aukera eman dio MUn lan egiten dutenekin eta ikasle direnekin harreman zuzena edukitzeko. Bat gehiago da. "Lehen egunetik integratuta eta babestuta sentitu naiz. Oso pozik eta gustura nago hemen lanean. Pauso handia izan da niretzat. Harro esaten dut Mondragon Unibertsitatean egiten dudala lan. Hilero soldata bat edukitzeak autonomia ematen dit. Adibidez, lagunekin oporretara joan ahal izateko. Dagoeneko eman dugu izena Aste Santurako Atzegik aurreikusten duen oporretara joateko. Kuadrillan joaten gara", dio Ajuriak.

Aisialdian Gasteizera joaten gustatzen zaio Ajuriari. Kuadrillarekin ibili, egun osoko planak egin eta saskibaloia ikusi. Aldika, Baskoniaren partiduak ikustera joaten da, Buesa Arenara. Hori guztia egiteko aukera eta askatasuna ematen dio lan bat edukitzeak.

Lan berriarekin

Lau orduko lan-jardunarekin hasi zen Ajuria. Ostean, bost izan ziren, eta, azkenerako, sei: 08:30etik 14:30era arte. Lanak gehitzen joan zaizkion heinean handitu diote lan-kontratua. Lana ondo egiten duen ikusteko eta, bereziki, Ajuria gustura dagoen jakiteko, Pausoberriak programako kide Ane Errasti du bidelagun. Haren jarraipen-teknikaria da. "Gure lana da langilearengandik gertu egotea. Hasieran, sarriago etortzen nintzen, astero, eta egun, hamabost egunean behin, ez badago ezer larririk. Zer moduz dagoen ikusi, lanen batekin arazoren bat edo trabaren bat duen jakin... Lan berri batekin hasten den bakoitzeko, pertsona bat egoten da harekin, betebeharrak ondo menperatzen dituen arte. Gorka Ajuria MUko langilea da, baina gure laguntza dauka beti", esan du Errastik.

Aspaldikoa da MUren eta Atzegik eta Gureak-ek sortutako Pausoberriak egitasmoaren arteko elkarlana.

Nerea Rodero: "Kontratu finkoa lortzea zen nire ametsa"

Nerea Roderok (Aretxabaleta, 1994) Gureak-ek Arrasaten duen tailerrean egiten du lan. BMW autoetarako egiten dituzten kableei zinta ipintzen die. Lan erraza dirudi, baina ez da erraza. "Nik gustura egiten dut lan hori, eta ongi, gainera. Lankideren batek zintak jarri behar izan dituenean, beti esaten didate zaila dela eta ez zaiela gustatzen", esan du Roderok. Aldika, beste lan batzuk ere egin behar izan ditu, baina, beti itzultzen da haren postura; alegia, zinta isolatzailea ipintzera. "Egia esan, oso ona da zintak jartzen. Gainera, oso langile balioaniztuna da eta edozein lan egin dezake. Ondo eta azkar ikasten du. Eta horrek aukera asko ematen dizkigu, guri eta hari. Honaino iritsi bada, haren ahaleginagatik izan da", esan du Roderoren ibilbideko laguntzaile Mireia Martinezek.

20 urterekin

Rodero zerbitzu okupazionalera heldu zen 20 urterekin. Ostean, Harrobi programan hasi zen. Hiru urtez egon zen han, tailerreko lanari buruzkoak ikasten eta lantzen. Programa gaindituta, kontratuaren hasi zen lanean tailerrean. Beste hiru urte, eta ostean etorri zen sari potoloa: kontratu finkoa. "Kontratu finkoa egingo zidatela esan zidatenean, ez nuen sinesten. Nire bizitza norantz bideratu nahi nuen erabaki nuenean, helburu zehatz bat ipini nion neure buruari: kontratu finkoa lortu. Baina unea iritsi zenean, shock-ean geratu nintzen. Izugarrizko poza izan zen. Oso pozik eta gustura nago tailerrean lanean. Lankideek eta arduradunek asko baloratzen naute", kontatu du.

'Harrobi' programa

Harrobi programa zerbitzu okupazionalaren eta kontratuaren arteko zubi-lana egiteko sortu zen: hiru urteko prestakuntza-programa. "Aurretik, zerbitzu okupazionaletik zuzenean pasatzen ziren kontratua izatera eta tailerrean lan egitera. Oso jauzi handia zela konturatu ginen. Askok ezin zuten kudeatu aldaketa: lan gehiago, ardura gehiago... Batzuek utzi egiten zuten. Harrobi programarekin aldaketa naturalagoa izatea gura genuen. Hala ere, batzuk bidean geratu ziren. Nerea gainditzearen adibide bat da. Beti ahalegindu da aurrera egiten, ikasten. Gu oso harro gaude berataz", dio Martinezek.

Komikizalea

Lan bat edukitzeak eman dizkion ardurez gain, bestelako askatasuna ematen dio Roderori. Aisialdia bere kabuz antolatzeko aukera. Gasteizera joaten da lagunekin, eta hara doan bakoitzean komiki bat erosten du. "Komiki asko ditut, baina asko gustatzen zaizkit. Adibidez, Marvel komikiak. Dena den, dezente garestitu dira, baina ezin dut saihestu erostea", dio, barrez. Komikiekin lotuta bizio bat ere badu: manga komikiak. "Logroñon, Bilbon eta Bartzelonan egiten diren manga komikien topaketetan egon naiz. Ekitaldi ikusgarriak dira. Bereziki, Bartzelonakoa. Berriro joan gurako nuke hara. Pandemiaren ostean, hasi dira berriro halakoak antolatzen", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak