Helburua, klima neutraltasuna

Miren Arregi Amasorrain 2024ko ots. 23a, 11:02

EAErako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketarako Legea onartu dute otsail hasieran Legebiltzarrean, 2050erako karbono neutraltasuna lortzea helburu duena. Hori onartuta, datozen hamabost hilabeteetan ibilbide-orria onetsi beharko dute.

Gipuzkoa, Araba eta Bizkairako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea onartu dute otsail hasieran Eusko Legebiltzarrean, EAJ-PNVren, PSE-EEren eta EH-Bilduren aldeko botoekin. Helburua da 2050erako klima neutraltasuna lortzea –helburu hori 2045ean lortuta egoteko esfortzua egingo dela jaso du txostenak–; hau da, isurtzen den CO2 kopurua lurrak xurgatu dezakeenaren parekoa izatea. Horretarako, modu progresiboan energia fosilak baztertuz joateko neurriak proposatzen ditu legeak, eta hainbat jarduera, neurri eta plan jasotzen ditu. Hori ahalbidetzeko, aurrekontuen %2,5, gutxienez, ekintza klimatikora bideratzea ere adostu dute.

Rebeka Ubera (EH Bilduko legebiltzarkidea): "Eztabaida zintzoa izatea eskatzen dugu instalazio berriztagarri handien inguruan"

Hiru alderdiren adostasuna

Plana onartuta, PSE-EEko legebiltzarkide oñatiar Alberto Alonso "harro" dago, hori sustatzeko taldeko kide izan delako. "Niretzat, Legebiltzarreko lau urte hauetako esperientziarik pozgarrienetako bat izan da", dio. Halere, Alonsoren ustez: "Argi dago berandu goazela, baina esango nuke lege honek gutxieneko komun batzuk markatzen dituela eta euskal gizartearen konpromisoaren eta sentsibilitatearen isla ere badela". Ados da Alonsorekin EAJ-PNVko legebiltzarkide Aitor Urrutia: "Gutxiengo komun bat izatea aukera paregabea da bide horretan aurrera egiteko". Gainera, "plana anbizio handikoa dela uste du, "helburua bera ere erronka erraldoia delako. Horretarako, sistema oso bati eman behar zaio buelta. Energia berriztagarriak zabalduz eta erabiliz, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoak sustatuz eta lortuz". EH Bilduko Rebeka Uberaren iritziz, aldiz, "anbizio gehiago behar" luke legeak: "Bai CO2 isurien beherakadan, kontsumoaren murrizketan eta abar. Energia aurrezpenean eta banandutako berriztagarrien hedapenean konkrezio gehiago ere falta da. Halere, Europako eta Estatuko helburuekin bat dator", gehitu du Uberak.

Neurri zehatzak

Legeak deskarbonizazioaren bidean hainbat neurri zehazten ditu; horien artean, Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez 2030erako amaitu beharko duela erregai fosilen desinbertsioa. Gainera, energia berriztagarrien inplementazioarekin lotutako helburu zehatzak ere jasotzen ditu, hala nola 2030erako energiaren %32, gutxienez, iturri berriztagarrietatik jaso beharko direla. Alde horretatik, energia komunitateen zein energia berriztagarrien komunitateen sustapena bultzatuko da, instalazio berriztagarriak sustatzeko finantzaketa-mekanismoak ezarriko dira edo deskarbonizazio prozesuan aurrera egiteko jatorri berriztagarriko erregai alternatiboak sortzea bultzatuko da.

Instalazioei kanonak

Bestalde, EAEn energia berriztagarrien instalazioak –eguzki parkeak zein eolikoak– jartzen dituzten enpresek kanon bat ordainduko dutela ere zehazten du legeak, inguruan egindako kaltea konpentsatzeko. Kanonetik salbuetsita egongo dira autokontsumo elektrikoko instalazioak eta 5 MW-etik beherako potentzia sortzen dutenak. "Kanonarena dator, instalazioen bitartez sor daitezkeen kalteak udalerriei konpentsatzeko", azaldu du Urrutiak. Efizientzia energetikoarekin lotutako neurriak ere badira: hain zuzen ere, 2030erako energiaren azken kontsumoa, gutxienez, %12 aurreztea baitu helburutzat, eta %37 2050erako. Horretarako, neurri zehatzak txertatuko dira, gertuko produktuen kontsumoa eta ekonomia zirkularra bultzatzeko, mugikortasun jasangarria bultzatzeko, argiteria publikoa egokitzeko, energiaren erabilera efizientean hezteko eta abar.

Udalei etxeko lanak

Lurralde historikoei eta udalei jartzen zaizkien betebeharretara etorrita, aipatzekoa da 5.000 biztanle baino gehiago dituzten EAEko herri guztiek egin beharko dituztela klima eta energia planak datozen urteetan. 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek, aldiz, bakarka edo eskualdeka egin ahalko dituzte horiek. Eta txostenean jasotzen diren helburuak betetzen direla ziurtatzeko, klima eta energiaren gobernantzara bideratutako organoak ere sortuko dira. Hiru, zehazki: lehena, trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren batzordea; bigarrena, bulego teknikoa; eta hirugarrena, batzorde zientifiko bat.

Alberto Alonso (PSE-EEko legebiltzarkidea): "Argi dago berandu goazela, baina euskal gizartearen konpromisoaren isla da"

Eztabaida gizartean

Legeak eztabaida eragin du gizartean, batez ere, instalazio berriztagarri handien kontra dauden taldeetan. Esaterako, Euskal Herria Bizirik sareak "fartsa" bezala izendatu du legea, eta "energia berriztagarrien industriaren hedapen ahalik eta masiboena gertatzea" eta "hazkuntza ekonomikoari bultzada handia ematea helburu" duela salatu. Hain justu ere, energia trantsizioan tirabirarik bada, hori tamaina handiko azpiegituren ingurukoa da eta Debagoienean badu horrek bere isla. "Instalazio guztiak beharko dira, tamaina guztietakoak, handiak, ertainak eta txikiak, hori aurrera eramateko", dio EAJ-PNVtik Aitor Urrutiak. Puntu horretan, EH Bildutik Rebeka Uberak uste du lau aukera daudela: "Edo fosilak kontsumitzen jarraitu, edo berriztagarriak Euskal Herritik kanpo ipini haien inpaktua besteen bizkar jarrita, edo gurean eskala guztietako berriztagarriak ipini, edo kontsumoak gure ongizate sistema ezinezko izateraino jaitsi. Seguruenik, denetik beharko da, baina eztabaida zintzoa izatea eskatzen dugu, zenbakiak eskuetan". Alberto Alonsok gehiago dio: "Debagoiena oso lurralde industriala da; zein da talde horiek proposatzen duten alternatiba? Zein da industriaren mende dauden milaka enplegurendako alternatiba?".

Aitor Urrutia (EAJko legebiltzarkidea): "Plana anbizio handikoa da, helburua bera ere erronka erraldoia delako"

Industria deskarbonizatzea

2050ean karbono neutraltasuna lortuko bada, bide luzea dago egiteko eta deskarbonizazioa eta eraldaketa sektore guztietan gertatu beharko dira. Bidean, "ekonomia eredua eta kontsumo ereduak goitik behera aldatu beharko dira", Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiaren esanetan, eta, alde horretatik, industriaren deskarbonizazioak sekulako pisua izango du. Horretarako, efizientzia energetikoa, ekonomia zirkularra, elektrifikazioa eta hidrogeno berdea sustatuko dituzte. "Industria egiten ari da trantsizio hori, serio hartu ditu elektrifikazioa eta deskarbonizazioa; hala ere, sarri, gehien kutsatzen dutenek teknologia berriak beharko dituzte bide hori aldatzeko", azaldu du EAJko Aitor Urrutiak.

Legea martxan jartzea

Legea bada, eta garatzea eta martxan jartzea falta da orain. "Fiskalitatea egokitzetik, eraikuntzan, lurralde plangintzan, garraioan edo beste hainbat ataletan esaten diren politikak garatu behar dira. Horregatik, oso garrantzitsua izango da legearen garapena nork eta nola egiten duen", dio EH Bildutik Rebeka Uberak. Orain aurrerabidea "ahalik eta adostasun maila handienarekin" egitea tokatzen dela dio EAJtik Aitor Urrutiak, eta PSE-EEko Alberto Alonsoren ustez, lan egitea tokatzen da orain. "Jaurlaritzari tokatuko zaio dekretu eta erregelamendu guztia garatzea; eta alderdioi, legea herritarrei azaltzea. Gure erantzukizuna da herritarrei lege on baten aurrean gaudela erakustea".

Trantsizio energetikoa Debagoienean: diagnostikoa

Kontsumo maila altukoa

Euskal Herria eta Debagoiena kontsumo maila handiko lurraldeak dira. Sarri entzun dugu munduko herrialde guztiek Euskal Herriko biztanleek sortzen duten CO2 isurketa kopurua sortuko balute, lau planeta beharko genituzkeela. Euskal Herria hiru milioi biztanleko herria da, fosilekiko dependentzia itzela duena. Gure energia kontsumoa ere oso handia da, munduak kontsumitzen duen batez bestekoaren bikoitza, eta kontsumitzen dugun energiaren %86 kanpotik dator.

Adierazleei begiratuta ikusiko dugu isurpen eta kontsumo handiko eskualdea dela Debagoiena. Industria askoko eskualdean, industria eta garraioa dira isurpenetan kontsumo gehien duten sektoreak, %80tik gora. Etxebizitzak dira hirugarrena, baina lehenengo biekiko alde nabarmenarekin, CO2 isurietan %8 eragiten baitute etxebizitzek. Zerbitzuak datoz ondoren (%7), eta abeltzaintza (%3), nekazaritza (%1) eta hondakinak (%1), azkenik. Kontsumitutako energiari dagokionez, industria da nabarmen kontsumo maila handiena duena (%50). Gero datoz garraioa (%33), etxebizitza (%9) eta zerbitzuak (%8).

Debagoiena, CO2 isurketetan gainetik

Debagoiena CO2 isurketei dagokienez beste lurralde batzuekin alderatzen badugu, gainetik dago. Pertsonako 8,53 tona CO2 isurtzen ditu urtean; EAEko batez bestekoa 8,4koa eta Europar Batasunekoa, berriz, 7,9koa. Izan ere, Debagoiena industria askoko lurraldea da, eta energia kontsumitzaile handia. Hein handi batean, industriak ahalbidetu du eskualdeko ongizate maila ona. Bestalde, garraioari dagokionez ere kontsumo maila handia duen eskualdea da. Biztanleko 0,52 auto dago eta Gipuzkoako eta EAEko datua biztanleko 0,46 automobil da.

Kontsumo osoaren %30 bakarrik da elektrikoa

2019ko datuen arabera, garraioaren kontsumo elektrikoa %0 zen Debagoienean; Etxebizitzan, urteko kontsumoaren %37 eragin zuen elektrikoak eta zerbitzuetan eta industrian %45 eta %46, hurrenez hurren. Guztira, kontsumoaren %30 zen elektrikoa. Imajinatuz etorkizun bat non eskualdeko kontsumo energetikoaren %50 elektrikoa izango den –deskarbonizazioaren helburuetako bat elektrifikazioa da–, 15 Elgea edo 74 ur-jauzi edo 905 Ekiola beharko genituzke behar hori asetzeko. Hori, pentsatuz, inolako murrizketarik bako eszenatoki batean.

Energia berriztagarriak Debagoienean

Debagoienean ari da zerbait mugitzen berriztagarrien instalazioari dagokionez. Hor dira sortu diren edo sortzen ari diren energia komunitateak, adibidez. Hala ere, gaur-gaurkoz, instalatutako energia berriztagarri kopuruak txikia izaten jarraitzen du. Hain zuzen ere, kontsumo elektriko osoaren %14 da berriztagarrietatik datorrena. Berriztagarrien sorkuntza handiena Elgeako parke eolikoak ematen du –eskualdeko kontsumo elektrikoaren %10–. Ur-jauziak eta biomasa dira gainontzeko energia berriztagarria ematen dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak