Klima aldaketaren inpaktua arintzeko neurrien %70 baino gehiago, toki erakundeen esku

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ots. 8a, 14:33
Eguzki plakak, Oñatiko Zubikoa kiroldegiaren teilatuan.

Diputazioek eta 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriek klima eta energia planak onartu beharko dituzte urtebete igaro baino lehen.

Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legea onartu du Eusko Legebiltzarrak, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak jakinarazi duenez, eskualdeek eta toki erakundeek bere gain hartzen dute klima aldaketaren inpaktua arintzeko neurrien %70 baino gehiago; baita egokitze neurrien %90 baino gehiago ere. Era horretan, haren arabera, legeak herritarrak jartzen ditu "erdigunean", eta "legearen gobernantzan aritzeko figura berriak" sortuko dituzte: Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa, Batzorde Zientifikoa eta Herritarren Batzarra.

Hain justu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrien ardura izango da klima –eta energia– planak onartzea, eta, horretarako, urtebeteko epea izango dute lege honen onarpenetik. Tapiak zehaztu duenez, "jarraibide gida bat" egingo du Jaurlaritzak, tresnak, metodologiak eta bitartekoak ezartzeko.

Legearen helburuak

Sei sekzio eta 48 artikulu dituen legea da gaur goizean onartutakoa, legebiltzarkideen botoen %82 jasota. "Guztien babesa lortu gabe ere, denek egin dute legea erraztearen aldeko keinua, eta hain lege garrantzitsu batean, keinu hori oso adierazgarria da", adierazi du Tapiak, EAJk eta PSE-EEk ez ezik, EH Bilduk ere legea babestu baitu.

Helburuei dagokienez, bat da nagusia: "2050erako neutraltasuna, erresilientzia eta trantsizio zuzena" lortzea, araudi, politika eta plan guztiak helburu horretara moldatuta. Halere, ez daude soilik 2050ari begira: "Asmo handiko legea da, klima neutraltasunaren helburua 2045.urtera aurreratzeko behar diren ahaleginak egingo direla jasotzen baitu". Hori erdiesteko, baina, xede zehatzagoetan jarri dute arreta, esate baterako: 2030erako emisioak %45 murriztea, 2005ekin alderatuta; eta, 2030erako Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ekoizten den energia guztiaren %32 berriztagarriekin ekoiztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak