Urtea hastearekin batera, hazi egin da langabezia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ots. 5a, 11:41

Urtebeteko epean erregistratutako daturik okerrena da oraingoa, 2.424 langaberekin Debagoienean. Ia herri gehienetan egin du gora langabezia tasak, eta Arrasaten dago handiena: %11,07.

Urtea hastearekin batera, hazi egin da langabezia Debagoienean, Gipuzkoako Lan Behategiak emandako datuen arabera: pasa den hilabetean, 2024ko urtarrilean, 2.424 langabe izan dira bailaran, eta %7,90ekoa izan da langabezia tasa; aurreko hilabeteko datuarekin alderatuz gero, 76 pertsona gehiago daude lanik gabe. Are gehiago, urtebeteko epearekin konparatuz gero, 2023ko urtarriletik gaur egunera arte ez da horrelako daturik erregistratu Debagoienean: udaran, abuztuan, jo zuen goia langabeziak, 2.373 langaberekin eta %7,73ko langabezia tasarekin.

Herrietako egoerari dagokionez, Debagoieneko datu orokorra herrietara estrapolatu daitekeela dirudi, ia gehienetan egin baitu gora langabeziak: Antzuolan, esaterako, 60 langabe daude, abenduan baino bi gehiago; Aretxabaletan, 220 (+17); Arrasaten, 1.105 (+32); Bergaran, 514 (+12); Eskoriatzan, 156 (+5); eta, Oñatin, 339 (+12). Nolanahi ere, datu absolutuetatik harago, langabezia tasa ere aintzat hartu behar da, eta hori gogoan izanda, Arrasaten dago handiena: %11,07. Ondoren, Eskoriatza (%7,47) eta Bergara (%7,22) daude.

Elgetan egin du soilik behera langabeziak Debagoienean, abenduan baino lau langabe gutxiagorekin, 25 pertsona baitaude lanik gabe, gaur-gaurkoz. Leintz Gatzagan ez du aldaketarik izan, bost langabe baitaude, aurreko aldian bezalaxe. Aramaion, berriz, ez da jakinekoa zenbatekoa den kopurua, bost baino gutxiago direnean ez baitute ematen datu zehatza.

Hego Euskal Herrian ere behera

SEPE Espainiako enplegu zerbitzuaren arabera, Hego Euskal Herrian 141.892 langabe daude, abenduan baino 4.125 gehiago: Bizkaian, 2.464 gehiago; Gipuzkoan, 1.128 gehiago; eta, Nafarroan, 675 gehiago. Araban, aldiz, 132 langabe gutxiago erregistratu dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak