Inklusioa arlo ludikotik bultzatzen

Mireia Bikuña 2024ko urt. 16a, 14:28

Gu Haziak Gara elkarteko hainbat kide kakorratzekin lanean.

Aretxabaletako Gu Haziak Gara elkarteak hamar urte beteko ditu martxoan. Irabazi asmorik gabeko elkartea herrira joandako hiru emakume etorkinen ekimenez sortu zen, helburu nagusi batekin: inklusioaren alde lan egitea. Hamarkada intentsua izan da helburuak betetzeko bidean.

Puntua aldizkariaren 395. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Paloma Martinez, Tatiana Villena eta Ouiame Ouchen aldi berean heldu ziren Aretxabaletara, 2010ean. Mexikotik, Perutik eta Marokotik etorri ziren, hurrenez hurren, haien bikotekideekin bizitza berri bat hasteko asmoz. Heldu orduko konturatu ziren zein zen hemengo errealitatea. "Gizarteak ez gintuen ikusten beste pertsonen moduan. Kanpotarrak ginen, eta, gainera, emakumeak. Arrakala oso handia zela konturatu ginen, eta zerbait egin behar genuela adostu genuen. Era berean, euskaltegian nenbilen euskara ikasten. Hango kide Carmen Fernandezek animoak ematen zizkidan esanez borondatearekin gauza asko egin ahal genituela", dio Martinezek.

Etorkinen eta bertakoen arteko distantzia murrizteko bide hartan egindako lehen ekintza Hemen aldizkaria izan zen. Lau zenbaki publikatu zituzten. "Aldizkariaren helburuak bi dira: alde batetik, etorkinei hemen gizarteratzeko beharrezko duten informazioa ematea; eta, beste alde batetik, gure esperientzia, kultura, bizipenak eta egonezinak ezagutzera ematea", azaldu zuten Martinezek eta Villenak aurkezpenean, 2011n. Hori izan zen ereindako lehen hazia: jatorri askotariko etorkinek zuten errealitatea gizartearekin elkarbanatzea.

Etorkinak, irakasle

Hazia handitzen joan zen heinean konturatu ziren aldizkariaz harago beste behar batzuk zeudela. Formakuntzari heldu zioten orduan, eta etxeko garbitasunari buruzko ikastaro batekin hasi ziren. "Baina ikusi eta pentsatu genuen irakasleek beren bidea egina zuten etorkinak izan behar zutela", dio Martinezek. Gai askotariko hainbat ikastaro eman zituzten.

2013ko martxoan

HENAR VALDEZATE: "KASUALITATEZ HELDU NINTZEN ELKARTERA, ETA ASKAPENA IZAN ZEN NIRETZAT"

Hiru urtez egindako lan desinteresatuak fruiturik onena eman zuen 2013ko martxoan. Martinezek, Villenak eta Ouchenek ereindako hazitxoari forma eman zioten hainbat lagunek. Irabazi asmorik gabeko Gu Haziak Gara elkartea sortu zuten Carmen Fernandezek, Luzma Rojasek, Montse Velascok, Elena Perezek, Tatiana Villenak eta Paloma Martinezek. "Argi genuen inklusioaren alde egingo genuela lan, eta, bereziki, arlo ludikotik joan behar genuela. Estatutuetan jaso genuen hainbat arlotan lan egin genezakeela, nahiz eta une hartan arlo haietarako proiekturik ez izan. Baina ez genuen aterik itxi nahi izan", gogoratu du Villenak.

Boluntariotza orduak

Aterik itxi barik hasi zuten bidea elkarte moduan, eta halaxe jarraitzen dute egun. Asko dira Aretxabaletako Iralabarri plazan duten lokaletik pasa direnak. Joskintza ikastaroak, estanpazio tailerrak, muralak margotzea, sentsibilizazio kanpainak... Horietan guztietan parte hartu duten asko ikasle izan dira hasieran eta irakasle gero. "Sentitzen dugu elkarteak bide sendoa egin duela, eta oraindik asko dugula egiteko eta emateko. Bide oparoa izan da. Hainbat herritarrek bide polita egin ahal izan dute elkartetik pasa ostean", diote Gu Haziak Garako kideek.

Erabiltzaileetako bat da Henar Valdezate aretxabaletarra. Kasualitatez heldu zen elkartera, oihalen estanpazio ikastaro bat egitera. "Maila pertsonalean bolada txarra pasatzen ari nintzen, eta ikastaroaren berri izan eta izena eman nuen. Askapen bat izan zen. Indarkeria matxista kasu bat jasan nuen, eta askapena izan zen niretzat. Gauza handiak aurkitu ditut. Etxean josteko makina bat nuenez, josteko ikastaroarekin animatu nintzen, eta gaur arte".

Urretxindorra programa abiarazi dute



Gipuzkoako SOS Arrazakeriak Urretxindorra egitasmoa jarri du abian Debagoienean, Gu Haziak  Gara elkartearen babesarekin. Helburu nagusia da 10 eta 14 urte arteko migratuak goi mailako ikasketak dituzten gazteekin elkartzea, eta elkarbanatzea.

Egoera azurgarrian dauden 10-14 urte artekoek goi mailako ikasketak egiten diharduen mentore baten laguntza izango dute. "Eskolako lanekin eta bizitzako beharretan lagunduko die mentoreak. Haien denbora eskainiko dute, astean behin edo gehiagotan elkartuta gaztetxoekin", esan du Gu Haziak Gara elkarteko kide Joana Manzisidorrek. Mentore izateko baldintzak dira 18 eta 30 urte bitartean izatea eta unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikaslea.

Bada, Urretxindorra egitasmoko mentore izan gura dutenek eskaera egin behar dute guhaziakgara@gmail.com helbidean. Ateak zabalik dituzte.

Diruaren faltan, Gu Haziak Gararen ikastaroak boluntariotzako orduekin ordain daitezke. Halaxe egin zuen Valdezatek: "Nik irudien transferentzia egiten dakit, eta josteko ikastaroa jasotzearen truke estanpazio-ikastaroa eman nuen. Oso aberasgarria da ikustea bere garaian zuri eman zizuten laguntza hori zuk eman diezaiekezula ezagutzen ez dituzun eta benetan behar duten pertsonei. Babesleku bat izan zen; beste pertsona askorendako ere izan da, eta izango da".

Ikasleekin lanean

EVA AGIRRE: "ARAZOAK DITUZTEN IKASLEEI LAGUNTZEA OSO ABERASGARRIA IZATEN DA"

Duela hamar urte ereindako hazia hazi eta egonkortu egin da, herritarren eta hainbat erakunderen laguntzarekin eta babesarekin. Hori horrela, beste hazi txikiago batzuk landatu ahal izan dituzte. Horietako bat da Hazitxoak proiektua: familia zaurgarrietako seme- alabei eskolako laguntza eta laguntza emozionala emateko ekimena. Duela lau ikasturte abiarazi zuten, Eva Agirre aretxabaletarrak erretiroa hartu zuenean. "Irakasle garaitik ezagutzen nuen elkartea, mural bat margotzen ibili ostean. Etorkinekin lan egiten zuen elkarte moduan ikusten nuen. Erretiroa hartu nuenean, aspaldi buruan nuen proiektu bat abian jartzeko unea zela pentsatu nuen: arazoak zituzten ikasleei laguntzea. Baina, bakarrik ezin nuenez, Palomarekin egin nuen berba, nire egitasmoaren berri emateko. Eskutik helduta hasi ginen eta dagoeneko lau ikasturte daramatzagu", kontatu du Agirrek.

Idazketa, irakurketa, ulermena...

2023-2024ko ikasturtean hamar neska-mutikorekin dihardute lanean; Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailetako umeekin. "Eskolekin ipintzen gara harremanetan eta umeen beharrak aztertzen ditugu, eta horren arabera antolatzen dugu ikasturtea. Adin tartea ere mugatu egin genuen, ikusten genuelako bi maila horiek kritikoak zirela, bereziki, hizkuntza, idazketa, irakurketa eta ulermena finkatzen laguntzeko. Alor horietan eragiten dugu, eta emaitzak ikusten hasi gara. Hortaz, oso pozik gaude". Eskola-errefortzuak hartzeko beharra duten ikasleak dauden bitartean, Hazitxoak egitasmoak aurrera egingo du. "Laguntza behar duten familia batzuk etorkinak dira, baina beste hainbat bertakoak dira. Ez daukate akademia bat ordaintzeko aukerarik, eta guk ematen diegu laguntza".

Paloma Martinez: "Pozik nago elkarteak eman duenarekin"

Paloma Martinez (Guadalajara, Mexiko, 1980) ez da damutzen duela hamar urte hartutako erabakiaz. Orduan finkatutako helburuak bete direla uste du.

Hamarkada emankorra izan da?

Ni, izatez, oso baikorra naiz, eta horrek lagundu egiten dit une zailetan. Aurrerapausoak ematen ez ditugula uste dugunean, beti dago irtenbideren bat. Elkarteak eman duenarekin oso pozik nago. Guregana etorri diren hainbatek ibilbide politak egin dituzte ostean. Horrekin geratzen naiz.

Nolako harrera egiten diozue elkartera doazenei?

Gonbidatzen ditugu gure lokalera, eta kafetxo baten bueltan haien egoerari buruz egiten dugu berba. Jakin behar dugu zeintzuk diren haien beharrak, zertan lagun diezaiekegun... Horien arabera zehazten diegu guk elkarte moduan zer egin dezakegun. Garbi daukagu gurera datozenei ondo pasatzeko, harremantzeko edo ikasteko leku bat eskaintzeaz harago zerbait eman behar diegula: lana, dirua, jatekoa...

Elkartearen lehen ekintza baratze bat izan zen.

Hori da. Pentsatu genuen baratze batek hainbat ikasketa utziko zizkigula. Alde batetik, lurra landuz gero, jatekoak lortuko genituen. Beste alde batetik, talde-lanaren garrantzia erakutsi zigun. Guztiok batera eragin behar genuen, baratzeak aurrera egin behar bazuen. Konexio-puntu bat izan zen.

Viviana Ochoa eta Kasia Poplonikowska: "Opari ederra izan da guretzat"

Viviana Ochoak (Kolonbia, 1989) eta Kasia Poplonikowskak (Polonia, 1980) elkartearen joskintza tailerrean ezagutu zuten elkar. Lagunak dira egun, eta oso eskertuta daude elkartetik jasotako babesarekin eta laguntzarekin.

Nola heldu zineten elkartera?

Viviana Ochoa: Kasualitatez izan zen. Kolonbian josten nuen, eta elkartera etorri nintzen josteko makina bat utziko zidatelako, haiek erabiltzen ez zutena. Haren bila etorri nintzen, eta haiek ere erabiltzen zituztela konturatu nintzen. Esan nien ezin nuela eraman haiek behar izanez gero. Harrituta utzi zituen nire erantzunak, eta martxan zituzten proiektu batzuetan laguntza ematera animatu ninduten.

Kasia Poplonikowska: Nire senarra eskoriatzarra da, eta hura Polonian lanean ari zela elkar ezagutu eta ezkondu egin ginen, eta bi seme-alaba izan genituen. Duela sei urte, Eskoriatzara itzuli behar izan zuen, eta laurok etorri ginen. Lagun baten bitartez ezagutu nuen elkartea. Oinarrizkoa josten banekien, eta hemen asko ikasi dut. Hasieran, Vivianarekin boluntario, eta, duela gutxitik, hemen ordu batzuk egiten ditut, soldatarekin.

Integratzen lagundu dizue?

V.O.: Nik, Kolonbian, etxean nituen makinak, eta han egiten nuen lan. Orduan, ez nuen harremanik izaten jendearekin. Hemen jende asko ezagutu dut, eta horrek balio izan dit irekiagoa izateko. Oraindik kostatzen zait, baina oso eskertuta nago.

K.P.: Erronka nagusia hizkuntza da. Parkean nagoen amek euskaraz egiten dute. Nirekin gaztelaniaz egiten dute, eta eskertzen diet. Gehiago da nik sentitzen dudan segurtasunik eza beste pertsona batzuek esan diezadaketena baino. Erronkak erronka, opari ederra izan da guretzat.

Zuen esperientzia kontuan hartuta, elkartea Aretxabaletan gizarteratuta dagoela sentitzen duzue?

V.O.: Nik urte batzuk daramatzat hemen, eta lokaletik jende asko pasatu da, hainbat proiektutan. Ez dut inoiz gaitzespenik sentitu, eta ez dut hitz txarrik entzun. Izan ere, nire ustez, hamar urteko etengabeko ikaskuntza izan da elkartearentzat, eta, hala, fruituak ematen ari da.

K.P.: Bai. Batez ere, egiten ari diren lan handia ikusten delako. Hemengo ateak beti daude zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak